Ezkioko Apaiz Etxea eraikina erosi du udalak
Ezkioko parrokiari erosi dio eraikina 309.000 euroan. Erosketa «estrategikoa» da Ezkioren garapenerako. Larunbatean, ate irekiak egingo dituzte herritarrek eraikina eta inguruak ikusi ditzaten.
Apaiz etxea eraikina, Ezkioko kaskoko erdigunean.Ezkioko Udala Ezkioko Udalak herriko kaskoan dagoen Apaiz etxea eraikina erosi dio Ezkioko parrokiari. Joseba Telleria alkateak dioenez, eraikina bera «estrategikoa» da Ezkioren garapenerako. Etzi, ate irekien jardunaldia egingo dute 11:00etatik 13:00etara, herritarrek eraikina eta inguruak ezagutzeko.
Ezkioko kaskoaren erdian kokatuta dagoen Apaiz etxearen erosketa legealdi honetako helburu nagusietako bat zen. Urte bete iraun duen eta nahi baino gehiago luzatu den negoziaketaren ondoren, erosketa burutu du azkenean udalak. Salerosketa egikaritzea orain lortu bada ere, Apaiz etxea erosteko saiakerak aspaldikoak dira, «gu aurreko legealdian ere saiatu ginen eta aurretik, beste alkate batzuk ere bai», dio.
Apaiz etxea 309.000 eurotan erosi du Ezkioko Udalak eta etorkizunean, herriari zerbitzua emango dion azpiegitura bat kokatu nahi dute bertan. «Eraikin handia da ia mila metro koadro ditu hiru solairutan banatuta. Gainera, 1014 metro koadroko espazio berde bat ere badauka kanpoaldean, gaur egun utzita dagoen arren, lorategi politak dituena», azaldu du alkateak.
Ate irekiak, larunbatean
Momentuz ez dago zehaztuta zer erabilera emango zaion eraikinari, «Herri planean jasota daude hainbat proposamen, baina orain arteko ideia guztiak airea geratu dira, proiektu posible baten etorkizuna salerosketari lotuta egon delako beti». Momentuz, Apaiz etxearen ateak irekiko dituzte bihar, «ekimena sinbolikoa da, besteren artean, herritarrei azkenean eraikina erosi dugula jakinarazteko modu bat da». Udazkenean auzolana deituko dute eraikina eta espazio berdeari «txukundu bat» emateko. Ondoren, herritarrekin elkartuko dira jada jasota dauden ideia horiek eta gerora sortu daitezkeen proposamen berriak aztertu eta proiektu bat zehazten hasteko. Proiektua «handia» izango dela aurreikusi du alkateak eta «faseka» burutu beharko da.













