‘Korrika ezin dutenengatik’ elkartasun erronka Goierrira iritsiko da
Ostiralean Lazkaon eta larunbatean Beasainen osatuko dituzte erronkak. Gaixotasun arraroei ikusgarritasuna eman eta funtsak biltzea dira ekimenaren helburuak.
Bakuntzako kideek guztia prest dute erronkan laguntzeko.Ariane Vierbücher Fernando Magaldi asturiarrak gidatutako Korrika ezin dutenengatik erronka solidarioa ostiralean iritsiko da Goierrira. Ekitaldiaren helburua da gaixotasun arraroei ikusgarritasuna ematea, herritarrak eta erakundeak horrelako gaitz bat izateak suposatzen duenaren inguruan sentsibilizatzea, eta gaitz arraroen bueltan lanean diharduten elkarteen lana balorean jarri eta haientzat eta ikerketarako diru-bilketa egitea. Helburu horiek lortzeko, autonomia erkidego desberdinetan zehar 2.330 kilometro korrikan egingo ditu Magaldik, 37 etapatan banatuta. Horietako bi, Goierrin egingo dira, bata Lazkaon -ostiralean- eta bestea Beasainen -larunbatean-.
Magaldik bidelagun izango ditu, Bakuntza elkarteko kideak, erronka hau Goierrira iritsi izanaren ardura izan dutenak, eta sona handiko mendi lasterkariak, Ohiana Kortazar, Fidel Fernandez edota Miguel eta Roberto Heras, besteak beste, Goierrin egingo diren etapetako kilometroak egiten lagunduko diotenak. Erronka osatzen lagundu nahi duten herritarrek ere posible izango dute taldera batu eta korrika egiteko. Denen indarrak beharrezkoak izango dira Magaldik proposatutako erronka betetzeko.
53 kilometro eguneko
Bi jardunaldiek programazio berezia izango dute. 07:00etatik aurrera, hornidura guneak, mahaiak, dekorazioa eta musika jarriko dira. 08:00etan, Bakuntza taldeko kideek aurreskua eskainiko diete korrikalariei, irteera ofiziala baino lehen. 09:00etatik aurrera, jarduera irekiak egingo dituzte, hala nola, txapak egiteko tailerrak, haurrentzako marrazketa, kamiseten salmenta eta dinamika parte-hartzaileak. Jardunaldia, 14:00etan amaituko da Fernandoren helmugaratzearekin. Honek txapela jasoko du errekonozimendu gisa eta Bakuntzakoekin batera txeke solidarioaren entrega egingo dute.
Erronka Lazkaotik eta Beasaindik igarotzean bildutako guztia Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari bideratuko zaio, errehabilitazio programei laguntzeko. Gainera, Fernandok komunitateari dei egin dio bere taldearentzako ostatuarekin lankidetzan aritzeko, fisioterapia eta garraioa bezalako gastu logistikoak estaltzeko (eguneko 125 euro inguru) eta boluntario gisa ekarpena egiteko, ibilbidea segurtasunez igarotzeko.
Egin ekarpena
Ekimena eta bere kausa laguntzeko bide desberdinak daude. Batetik, kamiseta salmenta egiten ari dira. Bai Lazkaon bai Beasainen postua ipiniko dute kamisetak eskuratzeko. Gainera eltxetxuak ere izango dira bertan. Horrez gain, kontu korronte bat ireki dute ekarpena egiteko (ES94 2100 1796 6402 0028 0304).
Eta nola ez, kaleak girotzen ere asko lagun daiteke. Magaldi eta talde osoari animo biziak emateko deia egin dute, beraz, denok kaleak hartzeko deia egin dute.

Fernando Magaldi ekimena Goierrira ekartzea posible egin duten eragile desberdinekin, aurkezpenaren egunean.Ariane Vierbücher













