Kukok ez du Gastronomika Talent-en saririk lortu
Jatetxe jasangarrien atalerako hautagaietako bat zen Ormaiztegiko jatetxea. Azkenean, Azpeitiako Mendizaliek jatetxeak eraman zuen garaikurra, atzo Donostiako Maria Cristina hotelean egindako sari banaketa ekitaldian.
Iñaki Telleria eta Iñigo Urkijo Ormaiztegiko Kuko jatetxean. Goierri Turismo Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea helburu du Gastronomika Talent sariketak. Iñaki Telleria gasteiztarrak eta Iñigo Urkijo ordiziarrak gidatzen duten Ormaiztegiko Kuko, Jatetxe jasangarrien sailerako hautagaietako bat zen. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia Donostiako Maria Cristina hotelean eta azkenean, Ormaiztegikoek ez zuten saria etxeratzerik izan. Kategoria berean sailkatuta zegoen Azpeitiko Mendizaliek jatetxearentzat izan zen saria.
Iñaki Telleria, Kuko jatetxeko sukaldariarentzat ez zen Gipuzkoa Talent sariketara lehendabiziko hautagaitza, “beste batean beharko du”, dio. Hala ere, atzoko ekitaldia “oso ondo” egon zela aipatu du, aspaldi ikusten ez zituzten lagunekin elkartzeko aitzakia izan zelako, “barre asko egin genuen eta ederki pasatu genuen”, esan du sari banaketaren biharamunean. Aurretik GOIERRIKO HITZAri esan zionez: “Hautagaietako bat izatea soilik sari bat da bere horretan, hor zaudela esan nahi du”.
Gastronomika Talent sarietako aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritza kide Idoia Callejarekin eta Guille Viglione gastronomoarekin batera.













