Patxi Zubizarretak irabazi du Xabier Lete beka
Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Beka eskuratu du ordiziar idazleak; 70.000 euroko laguntza jasoko du. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak antolatu dute, bigarrenez. Ebaluazio batzordeak adierazi du Zubizarretaren proposamenak «indar handiko prosa» duela.
Patxi Zubizarreta, Gasteizen bizi den ordiziar idazlea, artxiboko argazki batean. Egile bati «beharrezko baldintzak» eskaintzea, euskarazko literatura proiektu bat sortzeko. Hori da Xabier Lete bekaren helburu nagusia. Iaz jarri zuten martxan, Eusko Jaurlaritzaren eta BBVA fundazioaren ekimenez, eta gaur bertan jakinarazi dute nor den aurtengo bekaren irabazlea: Patxi Zubizarreta. Idazleak urtebete izango du proposamena garatzeko, eta 70.000 euroko ordainsaria jasoko du. Txoriei begira zegoen gizonari begira zegoen emakumea izenburua du Zubizarretaren proiektuak.
Jon Kortazarrek, Alexander Gurrutxagak, Katixa Agirrek, Aritz Galarragak eta Lurdes Otaegik osatu dute epaimahaia. «Idazkera dotorea eta aberatsa du, indar handiko prosa, eta erreferentzia literarioek tartekatzen dute», aipatu dute kideek. Gainera, idazleak egunerokoan barneratzeko daukan modua ere azpimarratu dute, anonimatuan geratzen diren gertaerak «lehen planora» ekartzeko izan duen manera.
Zubizarretak berak aipatu du proposatu duen nobela «lasaiagoa» dela. Itsasontzi bateko kapitaina da protagonista. Itsasaldi bati ekin beharrean, lurreko aterpe batean ezkutatzea erabakitzen du, emaztea beste gizon batekin dagoela susmatzen baitu. Zaintza kamera batzuei esker, deskubritzen du emaztea anakoreta batekin dagoela, kapitainak berak erreskatatu eta babestu zuen harexekin. Istorioa kapitainaren ikuspuntutik kontatzea erabaki du idazleak.
Artikulu osoa Berria.eus webgunean.













