Santa Marina jaiak Aztirian, mendi proban inoizko partaidetza handienarekin
Bihartik igandera arte ospatuko dituzte aztiriarrek Santa Marina jaiak. Ohiko osagaiez ez ezik, ekitaldi bereziz beteriko asteburua izango da. Igandeko mendi lasterketan inoizko parte hartzerik altuena izango da, 160 korrikalarirekin. Autobusen joan-etorri bereziak egingo dira Legazpitik, bi noranzkoetan.
Iazko mendi lasterketako korrikalarietako bi. Maider Insausti Hilabeteak daramatzate Aztiriako bizilagunek aurtengo Santa Marina jaiak arduraz eta ilusioz prestatzen, eta dagoeneko nabari dira jaien aurreneko zantzuak: atonduta dago auzoko plaza, azken prestaketa lanak buru-belarri egiten ari dira, eta igande goizean ospatuko den mendi lasterketako dortsalak ere banatuta daude. Bihar emango zaio hasiera aurtengo edizioari, eta asteburu osoan zehar askotako jarduerez gozatzeko aukera izango da: musika, herri kirolak, haurrentzako jolasak, kirola, dantzak eta lehiaketak izango dira ardatz nagusiak.
Festaleku estimatua izaten da Aztiria eta jendetza batzea lortzen du urteroko ekitaldietan; bertako bizilagunez gain, izaten da Gabiria eta Legazpi aldetik ere hurbiltzen denik.
Santamaina egunarekin abiatuko dute aurreneko eguna: 11:00etan meza izango da, eta hamaiketakoa egingo dute elkartean ondoren, auzoko musikariek alaituta. Baina hasiera besterik ez da izango. Iluntzean, 19:00etan, auzotarren arteko bola eta toka lehiaketak jokatuko dira, eta parte hartzaileek 20:00ak baino lehen eman beharko dute izena. Eguna borobiltzeko, auzo afaria izango da Aztiri erretegian eta Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilari lazkaotarrek girotuko dute afalondoa.
Auzotarren topalekua
Larunbatean auzotarren arteko ekitaldiak izango dira nagusi. 11:00etan mendi buelta egingo dute, eta itzuleran, poteo herrikoiarekin (13:00) itxiko dute goizeko jardunaldia.
Arratsaldean, berriz, haur zein helduentzako jarduerak izango dira aldi berean. 18:00etan hasita, batetik, etxeko txikienek aurpegia margotzeko aukera izango dute Elena Dominguezen eskutik, eta helduek 28. patata tortilla lehiaketa jokatuko dute, Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte trikitilarien doinuez alaituta. Lehiaketarako hamabost bikoteko muga ezarri dute, eta izen-ematea Aztiri erretegian dago eskuragarri. Lehiaketa amaitzean, bertako tortillak eta txistorra dastatzeko aukera izango da, sagardo eta ardoaz lagunduta.
Gauean, berriz, 21:00etan, bertso-afaria izango da Aztiri Bat elkartean. Kantuan Aratz Igartzabal gabiriarra, Ane Beloki legazpiarra eta Eneko Araiztegi segurarra ariko dira. Trikitilariekin jarraituko du erromeriak, goizaldera arte.
Kopuru guztiak hautsita
Igandean, kirol jarduerak nagusituko dira, azken urteetan jendetza erakarri dutenak. Goizean goizetik hasiko da jardunaldia, mugimenduz beterikoa: Gabiriako txistularien baserriz baserriko biribilketek emango diote hasiera egunari, 09:00etan. Haien doinuek esnatuko dute auzoa eta gutxika-gutxika auzoko plaza betetzen joango da. Izan ere, Aztiriko XIX. Mendi Lasterketa abiatuko da horren ondoren, 10:30ean.
Eguneko ekitaldi nagusietako bat izango da mendi lasterketarena. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, aurtengo edizioak parte-hartze errekorra hautsi du, inoizko korrikalari kopuru handiena bilduta: denera, 160 korrikalarik egingo dute Aztiriko erronka. Ez da erronka makala izango, gainera. Hamaika kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 600 metroko desnibel positibo metatuarekin. Plazatik Aizaleku tontorrera (810m) joan-etorria egin, eta jarraian Otañu (835m) eta Aizpuru (790m) gainetaraino osatuko dute itzulia.
Dagoeneko banatu dituzte dortsalak, eta dena prest dago ikusmin handiz itxaroten den proba honetarako. Lasterketa amaitzean, sari banaketa egingo dute: lehen hiru sailkatuak gizon zein emakumezkoen kategorietan eta lehen herritarrak —Gabiriako eta Legazpiko korrikalarien artean— oholtzaratuko dira merezitako aitortza eta oroigarria jasotzera. Ekitaldiari, gainera, Elustondo anai-arrebek jarriko diote soinua, giro ezin hobea bermatuta.
Omenaldia helduenari
Eguerdian, 12:30ean hasita, auzotar helduenari omenaldia egingo diote herriko plazan. Aurtengo omendua Maria Pilar Agirre izango da, 85 urteko aztiriarra, Lizardi baserrian jaioa. Bere bizitza luze eta emankorra aitortzeko, bertso eta aurresku artean jasoko du elkartearen oroigarria. Jarraian, 13:00etan, Gabiriako Goruntz dantza taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du.
Hori gutxi ez eta arratsaldeko egitarauak ere ez du atsedenerako tarterik utziko. Gabiri-Aztiriaren eta Legazpiren arteko herri kirol desafioa jokatuko da. Azken urteetan arreta berezia sortu duen ekimena izan da. Talde desberdinak osatuko dituzte, eta hainbat probatan neurtuko dituzte indarrak: korrikan, oskolak biltzen, ingudean, zaku lasterketan, harriak jasotzen, txingetan eta sokatiran, besteak beste. Ordu berean hasiko da, bestalde, Gipuzkoa mailako bola tiraldia. Parte hartu nahi dutenek 18:00etatik 19:00etara bitarte eman beharko dute izena. Jaietako azken orduak trikitilarien musikaz lagunduta igaroko dira.
Bertaratzeko autobusak
Antolatzaileek herritar zein bisitari guztiak animatu dituzte jaiez gozatzera. Legazpiarrek, gainera, izango dute nola bertaratu, joan-etorrien zerbitzua egongo baita Aztiriaraino. Larunbat eta igande arratsaldeetan, Urtatzatik abiatuko diren hiru autobus izango dira 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean; Aztiriatik, berriz, beste hiru Legazpirako norabidean, 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean.
Igande goizean, berriz, 10:30ean, 12:00etan eta 13:15ean abiatuko dira Urtatzatik, eta 11:15ean, 12:30ean eta 14:00etan, berriz, Aztiriatik.













