Taolu txapelketan 32 domina lortu ditu I.W.K.C.D. Lorea taldeak
Beasaingo taldetik 12 partaide izan ziren bertan. Ikusi argazkiak albistean.

Joan den larunbatean, uztailaren 12an, Gasteizen ospatu zen Taolu (formak) diziplinako V. ELAWKD txapelketa nazionala. Nahiz eta opor garaia izan, I.W.K.C.D. LOREA klubeko 12 kirolarik parte hartu zuten, 10 eta 56 urte arteko adina dutenak.
Txapelketan 26 modalitate desberdin izan ziren, arma zein esku hutsik egindako taoluetan. Taoluak arte martzial txinatarren eraso eta defentsa tekniketan oinarritutako koreografiak dira, eta parte-hartzaile bakoitzak banaka aurkezten ditu, epaimahaiaren aurrean. Bertan, gaitasun fisiko eta teknikoaz gain, barne-lasaitasuna eta kontzentrazioa ere azaleratzen dira.
I.W.K.C.D. LOREA taldeak lan bikaina egin zuen eta domina kopuru polita eskuratu zuen: 15 urre, 9 zilar eta 8 brontze.
Kontuan izanik taldeak aurretik V. Sanda txapelketa nazionalean ere parte hartu zuela, bi txapelketako emaitzak batuz, denera 25 taldekidek parte hartu dute, eta metatutako domina kopurua ondorengoa da: 17 urre, 15 zilar eta 9 brontze.
Atseden garaia
Lorea taldetik iragarri dutenez, orain, atseden hartzeko garaia iritsi da txapelketei dagokienez, baina entrenamenduetan lanean jarraituko dute, izan ere, urrian IV. Beasain Ligako txapelketa dute aurretik. Urrian ere, Malasiako Sanda Munduko Txapelketa izango dute, eta urrunago begira, azaroan, Taiwango Tai Chi Munduko Txapelketa. Baliabide ekonomikoak arrazoi, talde osoa ezin izango da azken bi hitzordu horietan izan, baina ahalik eta ordezkaritza onena eramatea izango da klubaren helburua.
Jarraian, ikusi Gasteizko txapelketak utzitako hainbat momentu.
Argazkiak: I.W.K.C.D. LOREA taldea





















