Tokiko merkataritzaren festa hasi da
Egun osoko festa izango da. Salmenta postuak, jatekoa eta edatekoa, eta kontzertuak izango dira. Ikusi goizeko argazkiak albistean.
Udako Azoka Erauskin plazan.Ariane Vierbücher Beasaingo Erauskin plaza merkataritzaren eta herritarren arteko topagune bihurtu da gaur. Bareak merkatari elkarteak antolatutako Udako Azoka berezia egiten ari dira bertan, helburu argi batekin: herriko merkataritza herritarrengana hurbiltzea eta gertuko denden balioa azpimarratzea.
Egun osoan zehar, 10 salmenta postu egongo dira, Beasaingo denden eskaintza kalera ateratzeko. Azokaren ordutegia izango da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara (eguerdian itxita egongo da).
Erosketak eta gehiago
Azoka ez da izango soilik erosteko gune bat; jarduera ugari antolatu dira giroa dinamizatzeko eta adin guztietako jendea erakartzeko.
Azokaren irekierarekin batera, Kaiku-ren lankidetzari esker, kafeak banatuko dira bisitarientzat. Eguerdi partean, gainera, Blues Gastrobar-eko enpanadak ere eskuragarri egongo dira.
Arratsaldean, berriz, tailerrak, gastronomia eta musika izango dira. 17:00etan, salmenta postuak berriro irekiko dituzte eta Labores Otea-ren eskutik kakorratz ikastaroa egingo da.
Janari eta edarien postuak 18:00etan irekiko dituzte. Goxoa Takeaway, Leizuri Izozkiak, Blues Gastrobar eta Segurako Taloak izango dira bertan. Jendeak Erauskin plazako arbolen azpian jarritako eserlekuetan giroaz gozatzeko aukera izango du.
Arratsaldea girotzeko DJ Nemux izango da 18:30ean hasita, eta jarraian, The Nowhere Plan taldearen zuzeneko kontzertua izango da.
Ikusi goizak utzitako irudiak:













