Ubidea garbitu ondoren, hilaren 27an jarriko dute martxan burdinola
Lokatza pilatu da eta hori kentzeko garbiketak egiten ari dira hilaren 1etik.
Kanala garbitzeko makina bat Mirandaolan, atzo.Laida Goiburu Mirandaolako burdinola itxita dago bisitarientzat, ubidea garbitzen ari direlako. Uztailaren 1ean hasi zituzten garbiketa lanak, eta hilaren amaierarako amaitzea aurreikusi dute, zehazki hilaren 22an jarri dute muga. Hilaren 27an burdinola martxan jarriko dute bisita gidatu batean, eta egun horretarako prest egotea espero dute, Lenbur fundazioak azaldu duenez.
Urtero egiten dituzte mantentze eta txukuntze lanak, baina aurtengoa berezia izaten ari da, kanala garbitzen ari direlako ura modu egokian igaro dadin handik, eta horrek, aldi berean, burdinolari martxan jartzeko behar duen indarra eman diezaion. «Horrek Burdinolara sartzen den ura ixtea suposatzen du, eta ondorioz burdinola itxita egongo da asteotan». Uste zutena baino lan gehiago dago: «Bagenekien garbiketa beharrezkoa zela, baina uste genuena baino gehiago dago». Makineriak atera duen materiala grixa da, baina organikoa da dena: urteetan pilatutako lokatza, hostoak, adar zatiak… «Brea itxura dauka, eta askok galdetu digute ea hori den».
Aurrez, erreserba
Mirandaolako erakargarri turistiko eta kultural garrantzitsuenetakoa da burdinola, eta Aste Santuetatik uda hasierara arte, bisitari asko izaten dituzte. «Hamabost egunetik behin martxan jartzen ahalegintzen gara, bi saiotan». Asteburuetan ez ezik, astean zehar ikastetxeetako ikasleen edota jubilatu elkarteen bisitak izaten dituzte. Burdinola martxan jartzeko zailtasunak zituzten azken aldian, urarentzako tokirik ez zegoelako jada ubidean. Garbiketa lanekin, urari bidea egingo diote berriz, burdinolak modu egokian funzionatu dezan. Lanak hasi aurretik, basozainak bertan zeuden arrain guztiak atera zituzten. Lenburrek eskerrak eman dizkie inguruko baserritarrei, haien baratza uzteagatik.
Hilaren 27an bisita egin nahi duenak erreserba egin behar du aurrez. Euskal Burdinaren Museoa ikusteko aukera izango dute, eta ondoren, burdinola martxan jarri eta bi olagizonek burdina berotu eta landuko dute.













