Aranzadik berretsi du neandertalak bizi izan zirela San Adrian-Leizarrateko pasabidean
Urteroko indusketak egiten dituen taldeak duela 40.000 urteko aztarnak aurkitu ditu, eta baieztatu ahal izan dute neandertalak «maiz» igarotzen zirela handik. Besteak beste, ebakitzeko tresnak eta animalia hezurrak topatu dituzte.
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, San Adrianen,Aranzadi Gipuzkoako aztarnategi garaiena da San Adrian-Lizarrateko tunelekoa; 1.000 metro inguruan dago. 2008tik, Aranzadi zientzia elkartea utero aritzen da bertan indusketak egiten, uztailean, bi astez. Hamar bat laguneko taldea osatzen dute, arkeologoz eta boluntarioz osatuta. Eta aurtengo aldiak ere izan du albiste onik. Izan ere, tunelean neandertalak bizi izan zirela baieztatu ahal izan dute. Zundaketa eremuetako batean topatutako materialei esker ondorioztatu dute hori.
Pasabideko hainbat gunetan egin dituzte indusketak azken urteetan, eta Goi Paleolitotik XX. mendera arteko aztarnak topatu dituzte. Bertan aurkitutako informaziorik zaharrena da oraingoa —duela 40.000 urtekoa da—. Bi zundaketa zona arakatu dituzte aurten: lehenengoan Madeleine aldiko piezak topatu dituzte, duela 14.000 urtekoak, eta, Aranzadiren esanetan, horrek esan nahi du Homo sapiens-a San Adrianen bizi izan zela.
Edonola ere, bigarren gunean egin dute aurkikuntza nagusia. Ebakitzeko tresnak eta zizelkatzeko erabiltzen ziren hainbat arroka topatu dituzte. Horrez gain, animalia hezurren zatiak ere azaleratu dituzte; neandertalek kontsumitutako piezenak, edo bestelako haragijaleenak. Horiei dagokienez, harrapakinei dagozkienak eta haragijaleek eraman zituztenak bereizi behar dituzte orain. Hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak izango dituzte kontuan horretarako.
Artikulua osoa Berria.eus webgunean.












