Bide-mozketak eta aldaketak Etzegaraten
Datozen egunetan N-1 errepideko zorua birgaitzeko lanak egingo ditu aldundiak, bi noranzkoetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du uztailaren 19tik 23ra bitartean N-I errepidean zirkulazioan trabak izango direla Etzegarateko (406) eta Idiazabalgo (412) lotuneetan, bi noranzkoetan, bide-zoruaren birgaitze jasangarriaren lanak direla eta.
Honako egun eta eremuetan egin dituzte lanak:
- Uztailaren 19an, larunbatean, 06:00etatik 22:00etara: Itxita egongo dira Donostiako noranzkoan 406. lotunerako irteera eta lotunetik Donostiarako sarrera. Desbideraketak 409 (Urtsuarango sarbidea) eta 405 (Zegamako irteera) lotuneen bidez egingo dira.
- Uztailaren 20an, igandean, 06:00etatik 18:00etara: Itxita egongo dira 406. lotuneko irteera eta sarrera Gasteizerako noranzkoan. Desbideraketak 405 (Zegama) eta 409 (Urtsuaran) lotuneetatik egingo dira.
- Uztailaren 21eko, asteleheneko, 06:00etatik uztailaren 23ko 23:59ra: Donostiarako noranzkoan eskuineko erreia itxita egongo da 411,939 eta 412,1245 KP artean. Halaber, 412. irteera (Idiazabal) itxita egongo da, baina Idiazabaldik Donostiarako sarrera irekita egongo da.
Epe horretan, Etzegaratetik Idiazabalera sartu nahi dutenek 416. irteera erabili beharko dute, herriaren iparraldean dagoen irteera.
Uztailaren 23an, asteazkenean, 23:59etan aurreikusten da zirkulazioa lehengoratzea eta behin-behineko seinaleak kentzea, bai bi erreietan, bai Idiazabalerako sarbidean.