Gurutze Berriri buruzko materiala biltzen hasi da Idiazabalgo Udala
Herritarrei hots egin die etxean eduki ditzaketen dokumentuak udaletxera eramateko.

Idiazabalgo Gurutze Berri auzoa modu kooperatiboan eraiki zela 60 urte beteko dira aurten. Urtemugaren aitzakian, auzoaren memoria eta Idiazabalgo historiaren zati bat gogora ekarri nahi dute udaleko Kultura batzordetik, urrian Europa mailan ospatuko den eta besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen, Ondarearen hilabetea ekimenaren barruan.
Kultura batzordeak jakinarazi duenez, Gurutze Berri auzoarekin zerikusia duen materiala biltzen hasita daude, “argazki zaharrak, bideoak, dokumentuak…”. Herritarrei ere dei egin diete etxean gisako materiala izanez gero udaletxera emateko, “bertan kopia atera ondoren, itzuliko ditugu”, azpimarratu dute. Aipatutako materiala irailaren 5era arte jasoko dute udaletxean.
Izena eta izana
Gurutze Berri auzoa 1964 eta 1965 urte artean eraiki zen, herritar talde baten ekimenez. Xabier Urteaga Gurutze Berriko bizilagunak, 2023an GOIBERRIn idatzitako artikulu batean aipatzen duenez, “Ordiziako eta Beasaingo guraso elkarteen ereduari jarraituz, Idiazabalen sortu zen taldeak bultzatu zuen proiektua”.
Garai hartan, Idiazabalen zegoen etxebizitza gabeziari irtenbide bat emateko sortu zuten kooperatiba, “22 bazkiderekin hasieran; gero 36 izatera iritsi ziren”. Lursailak erosi eta auzolanean egokitu zituzten.
60 urtek askorako ematen dute eta Gurutze Berrik bere izena eta izana mantendu baditu ere, izan dira aldaketak. 2023an Idiazabalgo Udalak Gurutze Berri auzoa berrurbanizatzeko lanak hasi zituen. Bi urteren ondoren, amaitzear dira lanak. Azpiegitura berriak, aparkalekuak, aisialdirako gune berriak eta irisgarritasuna bermatzeko bideak ekarri dizkie berrikuntza lan hauek auzoari. Ordainetan ordea, betirako desagertu dira auzoaren ikur izan diren elementuetako asko.
Hala gogoratzen zituen Urteagak GOIBERRIn: “Auzoak izan duen berezko ezaugarrietako bat baratzeak izan dira. Etxeak erosi ostean, sobera geratu ziren lursailak zozkatu eta etxe jabeek baratzea egiteko aukera izan zuten”.
Lorategiak eta jolastokia ere izan zituen Gurutze Berrik, “Kataluniatik ekarri eta gurasoek auzolanean muntatu zituzten ziburuekin”. Guraso elkartea ere auzoaren ikur nagusietako bat da. Auzoa eraikitzearekin batera sortu zen bilgune bezala eta gaur gaurkoz bere horretan mantendu dute. “Ekitaldiak egiteko zegoen areto faltari irtenbidea emateko” sortu zela kontatzen du Urteagak. Ordutik, “antzoki eta zinema areto, dantza taldearen egoitza, ikastola edo bertso saio eta mota guztietako ekitaldien lekuko” izan da Guraso elkartea.