Haurren asteburua festei ekiteko
Santa Ana jaietako haurren asteburua gaur hasiko da. Igandera arte, haur eta gaztetxoentzako ekitaldiz betetako egunak ospatuko dituzte Ordizian, baina gazte eta helduentzako ekitaldiak ere ez dira faltako.

Santa Ana jaiak hemen dira. Ordiziarren jai nagusiak gaur hasiko dira, haurren asteburuarekin. Ofizialki festak hilaren 24an hasiko diren arren, haurrek, eta ez hain haurrek, ekitaldiz beteak izango dituzte datozen egunak. Alkate Txiki, kantinera, dantzari, upel eta danbor-jotzaile eta bestelakoak izendatuta jada eta kuadrilletako alkandorak prest, Ordiziako etxeetako txikienen txanda izango da bihar eta etzi.
Barrakak gaur bertan irekiko dituzte, eta gauean, 22:30ean, Boxeo Jaialdi Handia izango da frontoian, profesional, semiprofesional eta amateur mailetako boxeolariekin. Udalaren egitarauan hori izango da gaurko; txosnetako egitarauan, baina, ordiziarren artean geroz eta gustukoago bilakatu den bizipoteoa izango da gaurko ekitaldi nagusia, urteroko txupinazo goiztiarraren ondoren. Auzoz auzo eta tabernaz taberna ibiliko dira hamarnaka herritar bizikleta edo gurpildun trasteren batean. Ostirala izanik, gaueko parrandan ere nabarituko da jai giroa, ohi bezala.

Jon Goia eta Deiane Iturriotz, aurrean; atzean, Lier Altuna, Gari Etxezortu eta Emanuel Casuba.
Bihar, larunbata, Txikien Kuadrilla Eguna izango da. Izen arrarodun blusa koloretsuz aterako dira haurren kuadrillak kalera, eguerdian txupinazoa entzun eta festa lehertuko zain. Baina aurrez, 10:00etan iaz jaiotako haurrei zapi urdinak emango zaizkie plazan. Ehundik gora izango dira aurten. 11:45ean aginpidea emango zaie udaletxean Alkate Txikiei. Aurten Jon Goia eta Deiane Iturriotz dira alkateak, mazaroak Lier Altuna eta Emanuel Casuba, eta alguazila Gari Etxezortu. Buruhandi, txaranga eta erraldoiekin kalejiran ibili ondoren, 14:00etan umeen bazkari herrikoia izango da plazan. 465 umek eman dute izena. Nobedadea da aurten Biziolarekin egingo dutela bazkaria, Erramun Amundarain eta konpainiak urte askoren ondoren egiteari utzi ondoren. Katekesi taldeak eskerrak eman dizkie urtez urte egindako lanagatik. Barazki eta oilasko paella izango dute haurrek, Orekako ogiarekin, eta bukatzeko, Iztuetako limoi krema.
Gauean, frontoian, mozorroak eta musika izango dira nagusi, haurren mozorro dantzaldia egongo baita, eta 23:15ean zezen suzkoa Zuhaiztian. Kuadrilla Txikien Eguna bukatzeko, Kai Nakaik kontzertua egingo du plazan.
Azkena, eta etena
Haurren asteburuari amaiera emateko, urtero legez, igandea dantzari txikien, umeen danborradaren eta agintari txikien eguna izango da. Goizean harrera egingo zaie Alkate Txikiei udaletxean, eta bertatik elizara joango dira, danbor eta upel jotzaileek Beti Argi bandarekin joko duten Ordiziako Martxa entzuteko. Ondoren, eguerdian, haurren Aurreskua izango da plazan.
Bazkalostean, infantil eta benjaminen pilota txapelketako finalak jokatuko dira frontoian, eta 18:30ean, kantinerak Buztuntza aldera abiatuko dira, 19:00etan haurren danborradari hasiera emateko. Plazan amaituko da betiko moduan, martxarekin. Pasa den asteartean, berritasun gisa, plazan entsegatu zuten haurrek danborrada.
Hiru eguneko jai giroaz gozatu ondoren, ordiziarrek hiru eguneko etenaldia izango dute, atseden hartu eta ostegunean jaietako hurrengo lau egunei ekiteko.
‘Santa Ana’ aldizkaria
Gaur, Santa Ana aldizkaria salgai jarriko dute 7 euroren truke Larratxa eta Manso liburudendetan eta D’elikatuz Zentroan.
Jai sano eta feministak
Atzo, osteguna, arratsaldez, jaietan guztiz murgildu aurretik, Osiñe talde transfeministak eta Kimetz Emakumeen Elkarteak deitutako manifestazioa izan zen Plaza Nagusitik, «festa sano, aske eta feministen alde». Horren aurretik, festen aurkezpena egin zuen udalak, eta talde feministen bidetik, alkateak «beldurrik gabe bizitzeko eta festa egiteko eskubidea» aldarrikatu zuen: «Elkarrekin ospatzeko egunak datozkigu guztioi, eta aldarrikatu behar dugu ordiziar guztiok beldurrik gabe bizitzeko eta festa egiteko eskubidea dugula. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu festak modu sanoan bizitzeko deia egitea, guztionganako errespetuan oinarrituta».
EGITARAUA
Gaur, ostirala
- Barraken irekiera. Egunero, 15:00etatik 18:00etara, zaratarik gabeko orduak ezarri dituzte. Astelehen, astearte eta asteazkenean tarifa murriztua dago.
- 22:30. Boxeo jaialdia Beti Alai pilotalekuan, Boxing Ziklo Klub Elkarteak antolatuta.
Bihar, larunbata. Txikien kuadrilla eguna
- 09:30. Kadete mailako 52. Txapel Gorri txirrindulari probaren irteera, Gudarien Etorbidean. Txapel Gorrik antolatuta.
- 10:00. 2024an jaiotako haurrei zapiak emateko ekitaldia, Plaza Nagusian.
- 11:15. Kadete mailako 52. Txapel Gorri txirrindulari probaren amaiera, Gudarien Etorbidean.
- 11:45. Aginpidea emango zaie Alkate Txikiei, udaletxean.
- 12:00. Txikien kuadrillen elkarretaratzea eta txupinazoa, Plaza Nagusian, Buruhandi, erraldoi, Ordiziako Txistulari, trikitilari eta Burrunbazale txarangarekin.
- 14:00. Umeen bazkari herrikoia, Plaza Nagusian, Katekesi taldeak antolatuta.
- 15:00. Diskofesta Xaibor DJarekin, Plaza Nagusian.
- 16:30-19:00. Ur parkea Garagartza plazan.
- 18:00. Buruhandi eta erraldoiak Burrunbazale txarangarekin, Plaza Nagusian.
- 18:30-21:30. Indarkeria sexistarik gabeko guneei buruzko karpa informatiboa, Zuhaiztian, Emaginek antolatuta.
- 20:00. Burrunbazale txarangarekin kalejira, Plaza Nagusitik.
- 22:00. Haurren mozorro dantzaldia Beti Alai pilotalekuan, Katekesi taldeak antolatuta.
- 23:15. Zezen-suzkoa Burrunbazale txarangak girotuta, Zuhaiztian. Katekesi taldeak antolatuta.
- 23:30-01:30. Kai Nakai artista gasteiztarraren kontzertua Plaza Nagusian.
Etzi, igandea
- 10:00. Goiz eresia Ordiziako Txistulariekin, Plaza Nagusitik.
- 10:45. Harrera Alkate Txikiei udaletxean.
- 11:00. Danbor eta upel-jotzaile taldeek eta Beti Argi bandak Ordiziako Martxa joko dute Meza Nagusian, elizan. Katekesi taldeak antolatuta. Alkate Txikien ibilbidea Ordiziako Txistulariekin.
- 12:00. Haurren Aurreskua Plaza Nagusian, Amets Bide dantza taldeak antolatuta.
- 17:00. Ordiziako 27. Pilota Txapelketako finalak, Beti Alai pilotalekuan. Txapagainek antolatuta.
- 18:30. Kantineren irteera. Beti Argi bandarekin, udaletxean. Katekesi taldeak antolatuta.
- 19:00. Haurren danborradaren irteera Buztuntzan; bukaera Plaza Nagusian. Katekesi taldeak antolatuta.
- Ondoren. Kalejira.