Iritsi dira Madalena jaiak Alegira
Gaur eta bihar, eta asteartean ospatuko dituzte Madalena jaiak. Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko herritarren artean elkarlanean antolatu dituzte.
Iazko jaietako irudia, herri-afarian. Ainhoa Aldasoro Iritsi dira aurten ere Madalena jaiak Alegi auzora, Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko herritarren artean antolatuak. 2019an ospatu ziren lehen aldiz, hiru herrietako udalen laguntzarekin eta auzotar talde baten ekimenez. Pandemiaren ondorioz bi urtez eten ostean, 2022an berreskuratu zituzten, eta ordutik urtero ospatzen dira, giro ezin hobean.
Motzak, baina intentsoak izaten dira maiz Alegiko festak. Bi eguneko formatuan jaio ziren arren, azken urteetan auzotarrek egitaraua zabaltzeko eta aberasteko ahalegina egin dute. Aurtengoan, hiru eguneko programazioa izango da, herritarren eta bisitarien gozamenerako, gaur hasi eta asteartera arte luzatuko dena. Asteartea izango da egun handia, Madalena eguna, hain justu, eta urtero jende gehien biltzeaz gain, arreta berezia sortzen duena. Auzotarren arteko elkarlanaren emaitza dira festa hauek.
Sagardo festarekin hasiera
Gaur arratsaldean emango zaie hasiera jaiei, 19:30ean egingo den sagardo dastaketarekin. Ekintza ezaguna da, eta jendetza erakartzen du urtero, baita inguruko herrietatik ere. Sagardogileen Elkarteko hainbat sagardo dastatzeko aukera izango da, basoa erosita nahi adina edan daitekeelarik. Pintxoak ere izango dira salgai.
Ondoren, herri-afaria egingo da: helduek 26 euro ordainduko dute, eta gaztetxoek 11 euro. Gaueko saioa Joselu Anaien erromeriak borobilduko du. Dantzarako aitzakiarik ez da faltako, eta musikak auzoa astindu arte jarraituko du.
Hala ere, hasiera besterik ez da izango, eta bihar ere goitik jarraituko du festak. Zelaiondo Elkarteak antolaturiko mus txapelketarekin jarraituko du bigarren eguneko jardunaldiak. Gauean, berriz, parrillada izango da afaltzeko: helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte, eta gaztetxoek, berriz, 10 euro. Joxe Mendizabalek girotuko du iluntzeko dantzaldia, baina indarrak gordetzea komeni da astearteko egun handirako.
Madalena, egun handia
Asteartekoa izango da egunik bereziena. Madalena eguna. 12:00etan meza nagusia egingo da, Izazpe abesbatzak lagunduta, eta hamaiketakoa eskainiko dute ondoren. Salda, txorizoa eta tripakiak dastatzeko aukerarik ez da faltako. Eta etxeko txikienek ere izango dute gozatzeko aukera, 17:00etatik aurrera zabalduko den haurren parkearekin. Iluntzean, berriz, 20:30etatik aurrera, ardo dastaketa izango da. Nahi adina ardo probatzeko, 10 euroko txartela eskuratzea beharrezkoa izango da.
Jaiei amaiera Modestoren dantzaldiarekin emango zaie, giro bikainarekin agurtuz hiru eguneko ospakizuna.
EGITARAUA
Gaur, ostirala
- 19:30. Sagardo dastaketa.
- 21:00. Herri-afaria. Helduek 26 euro eta gaztetxoek 11 euro.
- Ondoren. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.
Bihar, larunbata
- 16:00. Mus txapelketa
- 20:30. Parrillada. Helduek 18 euro eta gaztetxoek 10 euro.
- Ondoren. Joxe Mendizabalekin dantzaldia.
Uztailak 22, asteartea
- 12:00. Meza nagusia Izazpe abesbatzak lagunduta.
- 13:00. Hamaiketako herrikoia.
- 17:00. Haurrentzako parkea.
- 20:30. Ardo dastaketa. Txartelak 10 euro. Ondoren: Modestorekin dantzaldia.












