Txosna Batzordearen egitaraua hasi da jada
Kulturarteko pintxopoteoa egin dute, eta gaur eta bihar artean hainbat ekintza eta kontzertu izango dituzte.
Kulturarteko pintxopotea, herenegun, Ordiziako plazan.Laida Goiburu Txosna Batzordeak ere prestatu du egitaraua Ordiziako jaietarako. Herenegun ekin zioten jai giroari, kulturarteko pintxopotearekin Plaza Nagusian. Nikaraguako, Mexikoko, Aljeriako, Txileko eta Venezuelako jakiak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutako herritarrek.
Gaur, berriz, bizipoteoa izango da, Burrunbazale txarangak alaituta, 18:00etatik aurrera. Bakoitzak bere edalontzia eraman behar du. Arratsalde osoan bizikleta gainean auzoz auzo ibili ondoren, afaldu eta gero jarraituko du festak. 00:00etan Irtenbide, Aurrez Aurre eta DJ Mondongo taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean, eta bihar, Indabe, Borla, Derrumbe eta John Ritter taldeen txanda izango da. Etenaldiaren ondoren, danborrada egunean berrekingo diote jai giroari txosnatan. Egun horretan Labar, Xarma Leone, La Fulana eta Nerea Garciak eskainiko dituzte emanaldiak txosnagunean. Matutina egunean, 23:30ean, reggae doinuak nagusituko dira, Bassagain, Puppa Yharno eta Little Martin Selektah-rekin. Eta Txosna Batzordearen egitaraua amaitzeko, kuadrillen egunean Balantza erromeria eta DJ Tintz ariko dira.
Gazte Eguna
Bihar, haurren asteburuko larunbatez, ohi bezala Gazte Eguna izango da, Ordiziako Gazte Asanbladak antolatutakoa. Aurten ere egunerako kamiseta atera dute, parte hartuko duten gazteek jantziko dutena. Zuria da aurtengoa, eta mezu argi bat dauka: «Gerra inperialistari ez». 13:30erako egin dute elkartzeko deialdia, Miradorean. Txupinazoa botako dute, eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko argazkia aterako dute.
Eguerdi partea girotu ondoren, 14:30ean elkarrekin bazkalduko dute denek frontoian.












