Zaldibiarrek Txamarretxen festa egingo dute bihar
19:00etan hasiko da festa, Iztueta dantza taldearekin.
Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariak, tokan jokatzen, 2022ko Txamarretxeko festetan.Iñaki Gurrutxaga Urteroko ohiturei jarraiki, larunbat iluntze-gauean ospatuko dute Zaldibiako Txamarretxe auzoko aurtengo jai eguna. Horretarako, egitarau zabala antolatu dute, ohiko jarduerez betea. Iztueta dantza taldearen eskutik hasiko da jardunaldia, arratsaldean, 19:00etan, dantza emanaldi berezia eginda. Ondoren, Goiztiri txarangak girotuko du kalea eta ez da dantza egiteko aitzakiarik egongo. Bitarte horretan, 19:30ean, toka txapelketa hasiko da, eta izena ordu erdi bat lehenagotik eman beharko dute interesdunek.
Urteroko usadioak ere izango du beste alor bat: Arrese jatetxeak ardoa zerbitzatuko die herritarrei, eta Larrarte sagardotegiak sagardoa jarriko du. Jarraian bertsolarien txanda izango da, eta 20:30ean Aitor Mendiluze hernaniarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra hasiko dira kantuan. 21:00etan, afaria egingo dute Arresenean, eta egunari amaiera borobila emateko, Elustondo anai-arreba legazpiarren doinuek alaituko dute festa-giroa.
Aparkalekuetan eragina
Txamarretxeko jaia dela eta, trafikoan ere aldaketa batzuk izango direla iragarri du Zaldibiako Udalak, izan ere, larunbatean eguerdiko 12:00etan hasita igandeko 09:00ak arte, Txamarretxe plazako aparkalekuetan aparkatzea debekatuta egongo da.













