‘Korrika ezin dutenengatik’ elkartasun erronka Goierrira iritsi da
Ostiralean Lazkaon eta larunbatean Beasainen osatu dituzte erronkak. Gaixotasun arraroei ikusgarritasuna eman eta funtsak biltzea dira ekimenaren helburuak.
Fernando Magaldi asturiarrak gidatutako Korrika ezin dutenengatik erronka solidarioa atzo (ostirala) iritsi zen Goierrira. Atzo Lazkaon izan zen eta gaur Beasainen izan da.
Ekitaldiaren helburua da gaixotasun arraroei ikusgarritasuna ematea, herritarrak eta erakundeak horrelako gaitz bat izateak suposatzen duenaren inguruan sentsibilizatzea, eta gaitz arraroen bueltan lanean diharduten elkarteen lana balorean jarri eta haientzat eta ikerketarako diru-bilketa egitea. Helburu horiek lortzeko, autonomia erkidego desberdinetan zehar 2.330 kilometro korrikan egingo ditu Magaldik, 37 etapatan banatuta. Horietako bi, Goierrin egin dira, bata Lazkaon -atzo- eta bestea Beasainen -gaur-.
Magaldik bidelagun izan ditu Bakuntza elkarteko kideak, erronka hau Goierrira iritsi izanaren ardura izan dutenak, eta sona handiko mendi lasterkariak: Ohiana Kortazar, Fidel Fernandez edota Miguel eta Roberto Heras, besteak beste. Erronka osatzen lagundu nahi zuten herritarrek ere posible izan dute taldera batu eta korrika egiteko. Denen indarrak beharrezkoak izan dira Magaldik proposatutako erronka betetzeko.
53 kilometro eguneko
Bi jardunaldiek programazio berezia izan dute. 07:00etatik aurrera, hornidura guneak, mahaiak, dekorazioa eta musika jarri dira. 08:00etan, Bakuntza taldeko kideek aurreskua eskaini diete korrikalariei, irteera ofiziala baino lehen. 09:00etatik aurrera, jarduera irekiak egin dituzte, hala nola, txapak egiteko tailerrak, haurrentzako marrazketa, kamiseten salmenta eta dinamika parte-hartzaileak. Jardunaldia Fernandoren helmugaratzearekin amaitu da. Honek txapela jaso du errekonozimendu gisa eta Bakuntzakoekin batera txeke solidarioaren entrega egin dute.
Erronka Lazkaotik eta Beasaindik igarotzean bildutako guztia Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari bideratuko zaio, errehabilitazio programei laguntzeko. Gainera, Fernandok komunitateari dei egin dio bere taldearentzako ostatuarekin lankidetzan aritzeko, fisioterapia eta garraioa bezalako gastu logistikoak estaltzeko (eguneko 125 euro inguru) eta boluntario gisa ekarpena egiteko, ibilbidea segurtasunez igarotzeko.
Kontu korronte bat ireki dute ekarpena egiteko (ES94 2100 1796 6402 0028 0304).














