UEMAk deituta ia 100 udal eta milaka herritar atera dira gaur eguerdian kalera, azken epaia salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera
Ataun. Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ondoren, UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen herenegun, udalerri euskaldunetan gaur eguedirako elkarretaratzeak deituta.
UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu diote presazko deialdiari, eta kalera atera dira gaur bateko eta besteko udaletxeen aurrean. Tokian tokiko euskara elkarteen eta milaka herritarren babesa izan dute, eta azken epaia salatzeko kartelak erakutsi dituzte, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.
Martin Aramendi UEMAko lehendakaria Ataungo elkarretaratzean izan da, bertako alkatea baita, eta han egin ditu adierazpenak UEMAren izenean. Deialdiarekin bat egin duten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu du: “Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diran milaka herritarrei”.
Aramendiren hitzetan, “egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbetekoa baitugu benetako lege-babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu. Badakigu, ildo horretan, euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari dela. UEMAk horiekin bat egingo du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu ondoan izan ditzagun gaur bezala, gure eskubideen defentsan”.

Gabiria.

Idiazabal.

Legorreta.

Legorreta.

Ormaiztegi.

Zaldibia.

Zaldibia.

Zaldibia.

Zaldibia.













