EH Bilduk salatu du Olaran proiektuan ez dela benetako parte-hartzerik izan
EH Bilduk parte-hartze prozesu «itxia» izan dela adierazi du. Proiektua kritikatu dute herritarren ekarpenak kontuan ez hartzeagatik. Udalari elkarlanerako deia egin dio koalizio abertzaleak.
Olarango erakinaren irudia. Beasaingo EH Bilduk salatu duenez, Eusko Alderdi Jeltzaleak osatzen duen udal gobernuak Olaran Talentu Faktoria izeneko proiektuarekin aurrera egin du benetako parte-hartze prozesurik gabe. Koalizioak adierazi duenez, proiektuaren hasieratik oposizioko alderdi guztiak aurka azaldu dira, eta herritarren artean ere desadostasuna zabaldu da. Proiektuaren aurkezpen publikoetan eta herritarrek antolatutako batzar irekian jasotako iritziek hori berresten dute, EH Bilduren esanetan.
Udalak, kritikak ikusita, parte-hartze prozesu bat martxan jarri zuen espazio publikoaren inguruko erabakiak herritarrekin partekatzeko asmoz. Hala ere, EH Bilduren arabera, prozesu hori «partziala eta itxia» izan da eta ez du balio izan herritarren ekarpenak proiektuan txertatzeko.
EH Bilduk hiru arrazoi nagusi aipatu ditu salaketa publiko hori justifikatzeko. Lehena, parte-hartze mugatua izan dela. Prozesuak eraikinaren beheko solairura mugatu du eztabaida, eta ezin izan dira proiektuaren funtsezko edukiak edota goiko solairuen erabilerak landu. Horrek hainbat herritar eta eragile prozesutik aldentzea eragin du.
Bigarrena, proiektu itxia izan dela. Parte-hartze prozesua hasi aurretik espazioen banaketa (jantokia, garbitegia, STEAM gela, etab.) jada arkitektura pleguetan zehaztuta zegoen. Horrenbestez, parte-hartze prozesuan jasotako ondorioak ezin izan dira proiektuan integratu.
Eta hirugarrena, herritarren eskaerei muzin egin zaiela. EH Bilduk nabarmendu du herritarren proposamen nagusia Olaranen espazio publikoa eta topagunea sortzea izan dela, baina onartutako ondorio bakarrak hasierako proiektuarekin bat egiten dutenak direla.
Hamarkadetako inbertsio handiena
Olarango berritze-lanak azken hamarkadetan Beasaingo Udalak egingo duen inbertsio publiko handiena izango dela azpimarratu dute. Hori kontuan hartuta, EH Bilduk uste du proiektuak Beasainek dituen erronka eta behar estrategikoei erantzun behar diela eta ezin duela inposaketa gisa gauzatu.
«Orain da unea herri-proiektu bat eraikitzeko, herritarren ekarpenak entzunez eta kontuan hartuz, ez alderdikerietan oinarrituta. Gobernantza irekiaren aldeko apustua egiten dugu, eta uste dugu gauzak beste modu batean egin daitezkeela», adierazi dute. Aldi berean, udal gobernuari elkarlanerako deia luzatu diote, oraindik berandu ez dela azpimarratuz: «Olarango proiektua beasaindarrekin batera, arduraz eta gardentasunez lantzeko prest gaude».













