Kamioi elektrikoa hondakinen garraioa berritzeko eta deskarbonizatzeko bidean
Sasieta eta Zubieta arteko bidea egingo du kamioi berriak. %100 elektrikoa da eta urtean 73 tona CO2 isurtzea saihestuko du. Hondakinen garraioan deskarbonizazio estrategiaren barruan kokatzen da ekimena.
Gaurko aurkezpenean parte hartu duten erakunde desberdinetako ordezkariak.Foru Aldundia Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) pauso estrategikoa eman du bere garraio-sistema deskarbonizatzeko prozesuan. Izan ere, MAN enpresak fabrikatutako lehen kamioi elektrikoa sartu du zerbitzuan, hondakinak Sasietako Transferentzia Estaziotik Zubietako Ingurumen Guneraino eramateko. %100 elektrikoa den kamioi hau Espainian martxan jarritako MANen lehen unitatea da, eta Gipuzkoako Lurraldean jasangarritasunaren alde egiten den ekimen aitzindari bat bihurtu da.
Ibilgailu berria gaur aurkeztu dute Sasietako Transferentzia Estazioan, eta bertan izan dira Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Jasangarritasuneko diputatua, MAN Truck & Bus Iberiako zuzendari nagusia Stephane de Creisquer, Garrai enpresako gerentea Jesus Dorronsoro eta Sasieta Mankomunitateko presidentea Leire Artola. Aurkezpena baliatu dute, kamioiarekin lehen deskarga egiteko, eta jardunaldian zinta-mozketa sinbolikoa ere egin dute.
Ibilgailu berri honekin, urtero 73 tona CO₂ isurtzea saihestuko direla, eta Gipuzkoako hondakinen garraioaren elektrifikazioaren lehen pausoa eman dela iragarri dute gaurko aurkezpenean. Hondakin garraioa da hain zuzen, hondakinen kudeaketan emisio gehien sortzen duen atala. Hori dela eta, Asensiok azpimarratu duenez, «garraioa deskarbonizatzea funtsezkoa da. Horrelako ekimenak behar ditugu neutraltasun klimatikorako bidean aurrera egiteko».
Publiko-pribatua
Proiektu hau GHKren, MANen eta Garrai enpresaren arteko lankidetzaren emaitza da. Ibilgailua Alemanian fabrikatu da osorik, eta goi-tentsioko bateriak Volkswagen taldeak garatu ditu. Kamioiak barne-errekuntzako ibilgailuen malgutasun operatiboa bermatzen du, baina zero emisioekin. Horretaz gain, Bartzelonan MANek ireki duen tailer berritzaile batean baterien mantentze-lanak gelaxka-mailan egingo dira, haien bizitza erabilgarria luzatuz eta ekonomia zirkularra sustatuz.
MANeko zuzendari nagusi Stephane de Creisquerrek azpimarratu duenez, «hau egun historikoa da MANen Espainiako ibilbidean. Garraio jasangarriaren aldeko konpromisoa berresten dugu GHKrekin eta Garrairekin batera. Etorkizun hobe baterako lehen urratsa da».
Trantsizio ekologikoa
Kamioi elektrikoaren erabilera zerbitzura txertatuta, erakunde publikoek aitzindari teknologiko izan daitezkeela eta trantsizio ekologiko bidezko baten buru izan daitezkeela erakutsi nahi dute. «Gure ikuspegi bera partekatzen duten enpresekin lankidetzan jardutea funtsezkoa da. Gure erronka da ekonomia jasangarriago, lehiakorrago eta berritzaileago baterantz bidea egitea», azaldu du Asensiok.
GHKren helburua da etorkizunean hondakinen garraio sistema osoa elektrifikatzeko bidea zabaltzea. Deskarbonizazio Estrategiaren zutabeetako bat da hori, eta lurraldeko trantsizio energetikoan mugarri berri bat ezarri du ekimen honek.













