Aita Iparragirre eskolako patioa eraldatzeko lanak martxan
Eskola komunitateak egindako parte hartze prozesutik ateratako ideiak jasotzen ditu proiektuak. Lehen fasean Haur Hezkuntzako gunea berrituko dute.
Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolako patioa eraldatzeko lanak martxan dira. Joan den ikasturtean parte hartze prozesu bat egin zuten HiritikAt enpresak gidatuta. Eskola komunitate osoak parte hartu zuen: ikasleek, irakasleek eta guraso elkarteak. Nolako jolastokia irudikatzen zuen galdetu zitzaien, eta ideia hauek atera ziren: espazio berdeagoa eta irisgarriagoa, aterpe batekin eta kirol edo jolas ezberdinak egiteko aukera ematen duten espazioak.
Prozesu horretatik ateratako ideiak jasotzen ditu proiektuak. Ikasturte honetan landu dute, espazio inklusiboetan espezializatuta dagoen TEO arkitektura enpresarekin. Lanak faseka egingo dituzte; Haur Hezkuntzako gunea berrituko dute martxan dagoen lehen fasean.
Iñaki Alberdi alkateak adierazi du “eskolako patioa epe luzerako proiektu bezala” hartu behar dela: “Proiektua handia izanda, aurrekontu osoa ere handia da, eta daukagun ahalmenaren arabera eta egoeran arabera egokitzen joan beharko dugu”. Lehen fasearen aurrekontua 195.000 eurokoa da, eta irailaren erdialderako bukatzea aurreikusi dute.
Haur Hezkuntzako 2, 3 eta 4. mailetako umeak egoten dire espazioa txukunduko dute. Lurzorua erretiratu eta zoru berria jarriko dute, lurzoruaren eta espazioaren aprobetxamendu hobea ere lortu nahi dute, espazio ezberdinak egokituta eta adinari egokitutako jolas eta material berriak jarrita. Eraikinaren atzealdean harmaila bat jarriko dute, egurrezko aulki eta loreontziekin. Berdegune bat ere jarriko dute, baita itzala egiteko aterpe bat eta mahaiak ere.














