Informazio falta udaletan Goierriko uholdeetatik hilabetera
Informazio argirik gabe jarraitzen dute Goierriko zenbait udalerritan. Gaintza, Zaldibia eta Ataungo udalek zalantzan jarri dute iragarritako laguntzen baliozkotasuna. Partikularrentzat ez da laguntzarik, oraingoz.

Ekainaren 13an Goierri eta Tolosaldea urpean utzi zituzten euri-jasa bortitzetatik hilabete pasatxo igaro denean, oraindik garbiketa eta konpontze lanek jarraitzen dute zenbait herritan. Giza galerarik ez zen izan gau hartan, baina bai kalte material handiak: errepideetan, etxebizitzetan, baserri-guneetan, ibilgailuetan, landa-bideetan eta enpresetan.
Euriteak izan eta hiru egunera, Gipuzkoako Foru Aldundiak uholde-mahai bat osatu zuen kalteturiko herrietako ordezkariekin. Jon Gorrotxategi Gaintzako alkatearen hitzetan, bilera horrek herri bakoitzeko kalteak erregistratzeko eta egoeraren berri eman eta jasotzeko baino ez zuen balio izan: «Ez zen inolako argibiderik iritsi».
Hurrengo egunean bilera errepikatu zuten, eta aldundiak konpromisoa hartu zuen herriz herri kalteak ikuskatu eta azterlanak egiteko, komunitateari eta elkarlanari zein lankidetzari eutsita. Gaur-gaurkoz, konpromiso horietatik urrun dago egoera.
Informazio argirik gabe
Alkateek salatu dute ez dutela inolako informazio argirik jaso kalteak konpontzeko bideratuko diren diru-laguntzen inguruan. «Denbora honetan ez dugu ia kontakturik izan diputazioarekin; guk bidalitako kalteen txostena jaso dutela esan besterik ez digute egin», azaldu du Ioritz Berra Zaldibiako alkateak.
«Diputazioaren eskumeneko errepideak kostata ari dira konpontzen; eta herriaren jabetzako herri-bideak konpontzeko, ez dakigu laguntzarik jasoko dugun ere»
Ioritz Berra. Zaldibiako alkatea
Zaldibia izan zen Goierriko herrien artean kalterik handienak jasan zituen herria. «Diputazioaren eskumeneko errepideak kostata ari dira konpontzen; eta herriaren jabetzako herri-bideak konpontzeko, ez dakigu laguntzarik jasoko dugun ere. Orain arte egin ditugun oinarrizko lanak gure kabuz egin ditugu», adierazi du Berrak. Harrituta dago, bilera hartan aldundiaren egoitzan esandakoek ez baitute bat egiten egungo errealitatearekin.
«Egoera itogarria»
Gaintzan ere, egoera ez da hobea. Etxe askotara iristeko bideak etenda daude, eta Gorrotxategik dioenez ez dute bideak konpontzeko baliabiderik: «Aurtengo aurrekontuak ez digu bide horiek konpontzeko aukerarik ematen. Laguntza zuzena jasotzeko bete beharreko irizpideen inguruan galdetu dugu, baina mezu kontrajarriak jaso ditugu». Ondorioz, lanak egiteko marjina «agortzen» ari zaiela dio: «Egoera itogarria da. Bakarrik gaude, eta herritarren haserrea gureganatzen da, hori bideratzen saiatzen gara baina ez dugu konponbiderik jasotzen».
«Laguntza zuzena jasotzeko bete beharreko irizpideen inguruan galdetu dugu, baina mezu kontrajarriak jaso ditugu»
Jon Gorrotxategi. Gaintzako alkatea
Teorian, Etorlur da lurralde-azterketa zehatzak eginez kalteak neurtu beharko lituzkeen sozietatea. Hala ere, Zaldibian, kasu, ez dela agertu baieztatu du Berrak. Ur-agentzia ere bada kalteen erreparazioan erantzukizuna duen beste erakunde bat. «Zaldibiara egindako bisitan adierazi zigun kalteen %99 ez zela bere ardura». Gainera, lehen bileran aurrera begirako prebentzio-plangintza baten berri eman zieten udalei, baina ordutik ez dute inolako informazio gehiagorik jaso. Hartara, haserrea baino gehiago, «erakundeen funtzionamenduaren ezagatik» sentitzen du harridura Zaldibiako alkateak.
Bide informaletatik
Gaia lan handia ematen ari dela azpimarratu du Gorrotxategik, eta esan du, gaiak duen dimentsiorako «baliabide urriak» jasotzen dituztela. Gainera, informazio gehienak prentsaren bidez iristen zaizkie. Hasieran uholde-mahaia eratu izana komunikabideen bidez jakin zuten bezala, bide beretik izan dute azken asteetan iragarritako diru-inbertsioen berri. «Jakin dugu diputazioak milioi batean baloratu dituela bere bideetako kalteak, eta horiek bere gain hartuko dituela; era berean, beste milioi bat euro udalen azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko bideratuko dela esan da», azaldu du Ataungo alkate Martin Aramendik.
«Gure kasuan, eraikinak aseguratuta daude, baina bideak ez. Eta uste dut partikular askoren egoera antzekoa dela»
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Gaintza eta Ataungo alkateek zalantzan jarri dute iragarritako laguntzak nahikoak izango ote diren. Gorrotxategiren esanetan, ez dago argi diru horrek zein kalte-motari erantzungo dion: «Auskalo zein kalterako izango den laguntza hori: etxeetarako, bideetarako… eta auskalo zenbateko portzentajea egokituko zaigun. Ezer ez dakigu, baina guk ezin dugu gehiago itxaron». Aramendik, bestalde, kezka agertu du, kuantifikatutako kalteen aldean diru gutxi iritsiko zaielako: «Zain gaude, baina kezka handiarekin».
Lautik batek
Diputazioak Ataunera egindako azken bisitan alkateari adierazitakoaren arabera, partikularrei zuzendutako laguntzak ez dira, printzipioz, iragarritako diru-partida horien barruan sartuko. Eta alkatearen ustetan, aseguruen kontuak ere «eragin handia» izango du partikularren kasuan, gastuak estaltzeko ezinbestekoa delako azpiegitura guztiak aseguratuta izatea, besteen artean. «Gure kasuan, eraikinak aseguratuta daude, baina bideak ez. Eta uste dut partikular askoren egoera antzekoa dela. Ataunen, adibidez, uholdeek kalteak eragin dizkieten lau partikularretatik bakarrak du asegurua; gainontzeko kasuetan kalteak bideetan eta paretetan izan dira, eta horiek ez daude estalita».