Leka, sagar eta baratxuri mota berriak ferian
Festen atariko azokan nobedade asko izan da, uda beteko eguraldia ez izan arren.
Gabiriako Oñatibi-Txikiko Jose Antonio Elosegik aire libreko lehen tomatea ekarri du gaur feriara. Kontatzea gustu ematen duen azoka horietakoa izan da gaurko. Eguraldiak asko ez lagundu arren, produktu berri ugari egon zdira. Iritsi orduko «ezertarako balio ez duen giroa da hau, euri zaparrada on bat igualekoa genuke», entzun da. Izan ere, laino eta lanbro eguraldi hau gorrina sartzeko aproposa baita. Halere, landare saltzaileak bizi-bizi aritu dira, eta momentuka ilarak ere sortu dira.
Aire libreko lehen tomatea ekarri du gaur Gabiriko Oñatibi Txikiko Joxe Antoniok Elosegik, 5 euroan kiloa. Azkoitiko Kurutziako tomatea, berriz, izugarri preziatzen du bezeroak, goizean goizetik ilaran jendea ikusten da postu horretan.
Tomatea, bere horretan ona izanik ere, baratxuriarekin nahastu nahi duenarentzat mota berria aurkeztu du Sustrai askeak postuko Natalia Magallanesek: Elefante baratxuria Allium ampeloprasum. Orain arte azokan ikusi gabekoa. Izenak izana izan eta ohikoa baino askoz buru handiagoa du, gustu suabeagoa. «Porruaren antza handiagoa du baratxuriarena baino, tipula moduan jan daiteke», adierazi du. 10 euro kiloak. Baratxuri more eta txuri buruak ere aukeran dira postu ezberdinetan.
Leka mota berriak
Lekak ere poliki ugaritu dira. Maria Jesus Oriak ekarri ditu lehen leka borobil morea eta gorri zapala, lehendik zeuden borobil berdea eta leka zapal arruntaren zerrendan gehitzekoak. 6 eta 10 euro artean kiloa salgai.
Sagarren sasoiari ohiko legez San Joan sagarrak hasiera eman zion. Horiek bukatu eta beste hainbaten aukera izango dugu urte bukaera arte. Joxe Antonio Aizpuruk ekarri du aurtengo bigarren mota.«Sagar gorria esaten diogu guk». Jatorrizko izena jakitea ez da beti erraza eta etxeko betiko izenarekin identifikatzen duten mota franko dugu. Gordina jateko egokia, bizi puntukoa, 3,5 euro kiloak. Aran gorriak eta berdeak ugaritu dira, postu dezentetan eskaintzen dituzte.
Mikologia atala dabil murritz antzean, gaur zizahoriak aukeran, besterik ez, bi perretxiko saltzaileen mahaietan.
Feriako berriak Internetez soilik jaso ahal izango dituzue abuztuan: halere, bertatik bertara azoka bizitzea bezalakorik ez da!

Natalia Magallanes, elefante baratxuria eskuan duela.













