Saharako haurrei laguntzeko deia zabaldu du Zerainlabek
Abuztuaren 27ra arte egongo dira Zeraingo aterpetxean hamabi haur sahararrak. Afariak, ekintza kulturalak eta diru bilketak antolatu dituzte.
Haur sahararrak iritsi berritan.Hitza Uztailaren 17an iritsi ziren Zerainera hamabi haur sahararrak Oporrak Bakean egitasmoaren bitartez. Zerainlabek dirua eta materiala biltzen laguntzeko deia zabaldu du herritarren artean. Herritarrekin ekintza batzuk egiteko egitaraua ere prestatu dute.
Abuztuaren 27ra arte egongo dira Zeraingo aterpetxean. Zerainlabek azaldu duenez, “janaria eta egonaldiko kostuei aurre egiteko aurrekontu murritza dute, zenbait herri, erakunde eta enpresen aldetik diru laguntzak izan dituzten arren”. Aterpetxeko egonaldia 12.600 euro kobratuko zaiela eta herritarrek laguntza eskaini nahi dutela gehitu dute: “Zerainen instituzio aldetik jaso ez duten babesa eskaini nahi diegu Zeraingo herritarrok. Beharrezko duten laguntza eskaintzeko, Zerainlabek bultzatuta, herriko bolariak, Solkie dantza taldea, Antolar jubilatuen elkartea, Liztormendi elkartea eta Basarte guraso elkartea, antolatu eta martxan jarri dira”.
Begiraleekin elkartu dira, eta premiazko gauza batzuk zerrendatu dituzte: aterpetxean garbigailurik ez dagoenez, herritarrak arropak etxeetan garbitzen hasi dira; aterpetxera janari freskoa eramango dute eta ostegunero (uztailak 24, uztailak 30, abuztuak 7 eta abuztuak 21) Liztormendi elkartean afaria emango zaie herriko umeekin batera (parte hartzeko izena eman behar da elkartean); eta jarduera ezberdinak antolatu dituzte euskal kultura ezagutarazteko eta herritarrekin harremantzeko.
Bolatan eta dantzan
Bihar, uztailaren 24an, bolatan ariko dira herriko bolariekin. Abuztuaren 7an, berriz, dantza ikastaroa egingo dute Solkie dantza taldearekin. Eta Mendarteko irin beltzarekin egindako gailetak egiteko ikastaroa egingo dute Antolar jubilatuen elkartearekin (data zehazteke dago). Auzolanean beste hainbat ekintza egingo dituztela ere iragarri dute.
Parte hartzeko bideak
Hori guztia aurrera eramateko, ahalik eta herritar gehienen parte hartzea eskatu dute. Mandio tabernan izango dute herritarrek apuntatzeko orria (janaria prestatu, ekintzetan parte hartu, arropak garbitu…). Diruz laguntzeko, aldiz, Ostatu eta Mandio tabernetan itxulapiko bana jarriko dute. “Parte hartu eta lagundu bolada baterako herritar ditugun haur sahararrei”, dei egin dute.













