«Sorkuntza eta bizitza bera oximoron handi bat dira»
Garazi Zabaleta konpositore beasaindarrak ‘Oximoron’ obra estreinatuko du abuztuaren 5ean Donostiako Hamabostaldian, Kambrass boskoteak interpretatua.
Garazi Zabaleta konpositore beasaindarra.Ariane Vierbücher Zer kontatu dezakezu ‘Oximoron’-en jatorriaz? Nondik abiatu zen ideia? Zer esan nahi du izenburuak?
Kambrass taldeko kideak nirekin harremanetan jarri ziren, Hamabostaldirako obra bat idatziko ote nien galdetzeko. Aipatu zidaten Luciano Berio konpositorearen 100. urteurrenaren inguruan prestatu nahi zutela programa, haren begiradarekin bat egin nahi zutela. Berioren ikuspegia argiago izateko eta testuingurua hobeto ezagutzeko, Harvardeko Unibertsitatean eman zituen sei hitzaldi jasotzen dituen Un recuerdo al futuro liburua irakurri ostean, bi ideia otu zitzaizkidan: batetik, izenburua eta, bestetik, abiapuntua. Berioren hitzetan, musika-eraikuntzarako erabiltzen ditugun kontzeptuak —funtsean ezberdinak edo antonimoak— gatazkan dauden esperientziak dira, banaezinak izateaz gain, elkarren beharra dutenak.
Horregatik, obrak Oximoron du izenburua: egitura sintaktiko berean kontrako esanahia duten bi hitzen edo esamolderen konbinazioak zentzu berri bat sortzen duenean oximoron bat dugulako. Gainera, iruditzen zait sorkuntza —eta bizitza bera, oinarrian sorkuntza besterik ez duen unetik— oximoron handi bat dela.
Abiapuntuaren ideia ere otu zitzaizula esan duzu.
Beriok ez du sorkuntza iraganik gabe ulertzen; bere ustez gai izan behar dugu balio digunaren memoria pizteko, ondoren, ukatu ahal izateko, paradoxikoki, zorrotza den erantzun espontaneo batekin. Izan ere, Heraklitok zioen bezala, ezin gara ibai berean bi aldiz bainatu. Iraganaren kontzientzia ez da inoiz pasiboa, eta ez gintuzke menpean hartu behar: ez luke gutaz elikatu behar. Ikuspegi akronologiko horren ildotik, obrak abiapuntua du Aita Donostiaren kantutegian jasotako eta 1914an Abaltzisketa inguruan identifikatutako izenik gabeko dantza batean.
«Obrak abiapuntua du Aita Donostiaren kantutegian jasotako eta 1914an Abaltzisketa inguruan identifikatutako izenik gabeko dantza batean»
Zer emozio, irudi edo ideia gorpuztu nahi izan dituzu piezan?
Programa honetan bost egileren obrak joko dituzte: Berio, Jackson, Guinjoan, Amman eta Gaza-renak. Niri bost miniatura sortzeko eskatu zidaten, aipatutako egileen obren arteko trantsizio gisa interpretatuko direnak. Era berean, obrak osotasunean ere funtzionatzea nahi zuten, beste ekitaldi batzuetan osorik jotzeko aukera izan dezaten. Hori izan da akaso erronkarik zailena. Trantsizio lan horiek oso presente izan ditut obra idazterako orduan, eta, ondorioz, programaren estetikara egokitzen saiatu naiz, betiere nire esentziari fideltasunez eutsiz. Miniatura bakoitzari jarritako izenek badute eduki osagarri hori deskribatzeko xedea: hasi, ari, hazi, adi eta handi.
Zein da obra honen egitura edo hizkuntza musikala? Garaikidea da, baina nola definituko zenuke estilo aldetik?
Egia esan, musika garaikidearen barruan kokatuko nuke, besterik gabe, kontuan izanda, adierazpen-esparru zabal bezain aberatsa dela. Bereizmenetan sartu gaitezkeen arren, ez dakit ba ote dagoen modurik zerbait guztiz fideltasunez eta zorrotz deskribatzeko. Baina hori ez da musika klasikoan soilik gertatzen; beste estilo batzuetan ere hala izaten da.
Haizezko boskoterako idaztea erronka berezia da? Zein instrumentutarako idatzi duzu zehazki?
Ez dut ezkutatuko hasieran arduratu egin nintzela; izan ere, ganbera-musikarako idaztea ez da orkestrarako idaztea bezalakoa, eta, azken urteetan ganbera-musikan murgilduta ibili banaiz ere, ez zait orain arte metal boskoterako idaztea tokatu. Gainera, Hamabostaldirako zela jakiteak erronka areagotu egiten zuen. Baina, noski, ezin nuen ezetz esan, aukera bikaina baitzen. Ondorioz, gogotsu heldu nion, eta egia esan, oso gustura aritu naiz. Boskotea bi tronpeta, tronpa, tronboi eta tubaz osatua dago.

Garazi Zabaleta konpositore beasaindarra.Ariane Vierbücher
Zer suposatzen du zuretzat Donostiako Hamabostaldian estreinatzeak?
Ezusteko handia izan zen. Kambrass-ek nigana gomendioz jo zuela jakiteak, sekulako poza eman zidan: esperientzia batek ate berri bat ireki dezakeela baieztatzeak, alegia. Gainera, ez da batere erraza bertan parte hartzea, eta, nolanahi ere, konpromiso bat da. Hala ere, dagoeneko izan naiz Kambrass-ekoekin obra lantzen Manresan (Katalunian), eta inpresio onekin itzuli nintzen. Sekulako musikariak dira; ez daukat zalantzarik ongi defendatuko dutela!
Publikoaren aldetik zer espero duzun galdetuko banizu, zer erantzun nahiko zenuke?
Ba, zintzotasunez erantzunez, publikoa egotea nahiko nukeela erantzungo nizuke. Badakit nire ingurukoak joatekoak direla, eta zikloak berak jendea erakartzen duela, baina tira, musika garaikideak ez du jarraitzaile gehiegi. Ea jendeak aukera bat ematen dion programa honi; pertsonalki, bereziki interesgarria iruditzen zait, eta taldearen talentua ukaezina da: gaur egungo proiekzio handienen artean daude.
«Badakit nire ingurukoak joatekoak direla, eta zikloak berak jendea erakartzen duela, baina tira, musika garaikideak ez du jarraitzaile gehiegi»
Nola irudikatzen duzu zu zeu eserita, aretoan, zure musika entzuten?
Kontzertua Kursaaleko areto batean izango da, eta Kursaalean izateak ilusio berezia egiten didala aitortzen dut. Maite ditudanekin momentua partekatzeak asetzen nau.
Zer esan nahi du zuretzat musika garaikideak gaur egun?
Modu labur batean, konposatzerako garaian sistema tonaletik irteten diren sistemak edo tekniken multzoak erabiltzearen ondorioz sortzen den estetikari deitu diezaiokegula uste dut. Musika garaikideak abangoardiarekin bat egiten du; sortu zenean berrikuntzaren espiritua zuen, haustura bat ordura arteko tradizioarekiko. Gaur egun, borondate hori mantentzen da, zaila edo ezinezkoa izan arren hauskortasun hori gorpuztea; baina benetakotasunean sinesten dut.
Zure ustez, zein da konpositore baten erronka gaur egungo gizartean?
Profesionalki, esango nuke ogibide honetatik bakarrik duintasunez bizitzea erronka dela. Zaila da hori lortzea, bai konpositore eta baita interprete bezala ere, baina ez da gaur egungo kontua soilik. Zehazki, konpositore garaikide baten ikuspuntutik, konpromiso bat daukagula esango nuke: gure obren nondik norakoa modu pedagogikoan publikoari aurkeztea.
«Profesionalki, esango nuke ogibide honetatik bakarrik duintasunez bizitzea erronka dela»
Konposatzerakoan, zure barne-munduak gidatzen zaitu ala kanpoko enkarguak eta egitarauak?
Ez dira bateraezinak; enkarguari edo egitarauari barne-mundutik erantzuten dio bakoitzak. Arauak edo jolas-eremua kanpotik ez badatoz, konposatzaileari dagokio horiek ezartzea.
Zein beste proiektu dituzu esku artean?
Ba, berriki, telesail baterako eskaintza egin didate; beraz, ikus-entzunezkoetara salto egingo dut berriro. Gidoia irakurri ostean, baliabideei dagokienez exijentzia handiko proiektua iruditu zitzaidan, eta horrek motibatu nau: ikasteko eta esperimentatzeko aukera polita izango da.
Bestalde, une honetan, euskal mitologian oinarritutako obra garaikide bat idazten ari naiz, hirukote baterako: sopranoa, saxofoi tenorra eta akordeoirako, zehazki.













