Aisialdi aukera bertatik bertara
Parketxeek eta turismo eragileek udako eskaintza oparoa dute datozen asteetarako.

ATAUN
Mitologiaz harago
Barandiaran museoak askotariko eskaintza du datozen asteetarako. Gaur eta uztailaren 31n, 10:30ean, Errotako jaki goxoak bisita gidatu berezia egingo du Errotatxora, talo tailerra barne. Abuztuko ostegun eta ostiral guztietan, eta abuztuaren 10ean, 15ean eta 24an Jentilen mundua erronka mitologikoa jolasa du eskaintzan (10:30), familiei eta lagun taldeei zuzenduta. Abuztuaren 16rako Jose Migel Barandiaranen Sara etxea ezagutzeko Zatoz Barandiaranen etxeko gelara bisita antolatu du (11:00).

Erronka mitologikoaren karteletako bat.Barandiaran museoa
BEASAIN
Igartzaren historia
Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzeko bisita gidatuak uztailaren 1etik irailaren 15era eskainiko dituzte, asteazkenetik igandera, ondoko ordutegian: 11:30, 13:00, 16:30 eta 18:00. Ohiko bisita gidatuan parte hartzeko erreserba egitea ez da beharrezkoa, soilik taldeen kasuan gomendatzen da (10 pertsonatik gora).
EZKIO
Sagarraren kultura
Abuztuaren 2an, 16an eta 30ean Pintxo eta txotx esperientzia gastronomikoa bizitzeko aukera eskainiko du Igartubeiti baserri museoak –11:00etan euskaraz, 12:30ean gazteleraz–. Horrez gain, abuztuko asteazken guztietan Egin ezazu zure sagar zukua esperientziaz gozatu ahal izango da (10:30). Berritasun modura, Urola Garaia turismoak Ezagutu Ezkioko Amabirjinaren misterioa bisita gidatuak ere eskainiko ditu aurrenekoz abuztuko asteburuetan (17:00).
IDIAZABAL
Gazta eta eliza
Idiazabal Gaztaren Interpretazio zentroa egunero egongo da irekita irailaren 15era bitarte, eta bisita gidatuak eskainiko ditu 11:15ean, 12:30ean, 16:00ean eta 17:15ean. Ondramuño gaztandegiak, bere aldetik, ordubeteko bisita gidatuak egingo ditu egunero (10:30). Azkenik, abuztuaren 24rako, San Migel elizaren sekretuak ezagutzeko doako bisita gidatua antolatu du (17:15-18:00).
LAZKAO
Behi esnearen jatorria
Abuztuaren 23an Naturarekin orekan bi orduko bisita gidatua antolatu du Ataungo Barandiaran museoak Lazkaomendiko Iztueta baserrira (11:00).
LEGAZPI
Burdinola martxan
Uztaileko eta abuztuko azken igandeetan –etzi eta abuztuak 31- Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera izango da, behin garbiketa lanak egin eta gero. Bi erakustaldi egingo dituzte eguneko, 11:30ean eta 12:30ean.
ORMAIZTEGI
Trenzubi zaharra
Uztailaren 29an eta 31n eta abuztuaren 5ean eta 7an, XIX. mendeko obra enblematikoa –Alexander Lavalley-ek diseinatua, Gustave Eiffelen irakasleak–, ezagutzeko aukera emango du Zumalakarregi museoak. Bisitak goizez dira (11:00-12:00), doan.
ZEGAMA
Ihes jolasa naturan
Gaurtik igandera, eta abuztuan ostegunetik igandera, Frai Bartolomeren misterioa ihes jolasa du eskaintza nagusia Anduetza parketxeak. Ordubeteko saioak dira: goizez hiru (10:15, 11:30 eta 12:45) eta bat arratsaldez (16:00).