CAFek kontratu historikoa eskuratuta, LABek enplegu duina eskatu du Euskal Herrian
Sindikatuaren esanetan, tren eskaerak bermatzen duen lan-karga argi islatu behar da Euskal Herriko lantegietan, eta horrek lan baldintzak hobetu eta kalitatezko enplegua sortzea ekarri behar du.
Belgikako tren konpainia publikoak, SNCBek, CAF izendatu du lehentasunezko esleipendun, eta horrek 1.695 milioi euroko lehen eskaera ekarri du, 180 bagoirekin. Eskaera hori 600 trenera (3.400 milioi eurora) zabal liteke etorkizunean. LAB sindikatuaren ustez, albistea «positiboa» da, baina enplegua eta aberastasuna Euskal Herrian sortu behar direla uste du.
LABek exijitu du CAFen industria-proiektuak Euskal Herrian sustraitu behar duela, «lana eta aberastasuna hemen sortzeko eta banatzeko». Sindikatuaren esanetan, tren eskaerak bermatzen duen lan-karga argi islatu behar da Euskal Herriko lantegietan, eta horrek lan baldintzak hobetu eta kalitatezko enplegua sortzea ekarri behar du.
Halaber, LABek azpimarratu du erronka handia dela plantillen erreleboa bermatzea datozen urteetan, erretiroengatik hutsik geratuko diren lanpostuak betetzeko. «Kalitatezko enplegua eskaintzea ezinbestekoa da belaunaldi berrientzat», nabarmendu dute.













