«Elementu anitzen arteko tentsioaren bidez osaturiko konposizioak jasotzen ditu muralak»
Uztailaren 18an 89 urte bete ziren 1936ko Gerra piztu zela. Olaberriako Olargi memoria historikoaren taldeak Oroimenaren eguna antolatu zuen, zapaldu eta baztertu zituzten olaberritarrak oroitzeko. Mural berri baten inaugurazioa ere egin zuten, Igor Rezola Iztuetak (Itsasondo, 1974) ondutakoa.
Igor Rezola 'Dizebi' murala aurkezten, joan den uztailaren 18an. Hitza 1936ko abuztuan, gerraren testuinguru hartan, bi herritar fusilatu zituzten Olaberrian: Jesus Bujanda eta Marcelo Lasa. Ordutik, ekintza ugari egin dituzte herritarrek faxistek fusilatu zituzten bi olaberritarren oroimena mantentzeko: 2022an udaletxe alboko plazari ‘Lasa eta Bujanda’ izena jarri zioten, eta orain, mural berria inauguratu dute. Olargi taldeak Rezolari eskatutako lana izan da.
Zer jasotzen du lan berri honek?
Helburua 1936ko gertakariak gogora ekarriko dituen eta memoria kolektiboan bizirik mantentzeko aukera emango duen proposamen artistikoa gauzatzea izan da. Esku-hartzeak, baina, ez du gertatutakoa modu literalean irudikatzen; formaren, konposizioaren eta koloreen bidez esperientzia emozional, intelektual eta poetiko baterako espazio bat eskaintzea izan da asmoa. Memoriarentzako toki egonkor bat sortzea.
Panel desberdinak baliatu dituzu horretarako.
Esku-hartzeak triptiko baten forma hartzen du. Alboko paneletan gatazka eta bi gorputzen presentzia/ausentzia irudikatu nahi izan ditut; hauetan egiturak, ikurrak eta gorputzak iradokitzen dira, baita argizaioletan inspiratutako formak ere. Ez dago irudi nagusi edo zentralik, elementu anitzen arteko elkarbizitza eta tentsioaren bidez osatutako konposizioak dira.
«Memoriarentzako toki egonkor bat sortzea izan da asmo nagusia»
Erdiko panelean, berriz, hutsunea eta oroimena dira protagonista. Beltzez margotuta dago, hutsik, irudirik eta formarik gabe. Ez da pasiboa edo isila den espazioa. Kontrakoa. Ikuslearen parte-hartzea eskatzen duen gune bizia da, eta pentsamendurako, hausnarketarako eta barne-gogoetarako gonbidapena egiten du.
‘Esaten digute ez ahazteko, hezurren gainean gabiltzala’ esaldia gehitu duzu, lana borobiltzeko.
Lengoaia plastiko arrotz edo abstraktu baten aurrean, ikusleari, obrarekiko lehen hurbilketa baterako helduleku moduko bat eskaintzea zen asmoa, horretarako esaldia baliatuta.
Nola egituratu duzu lan-prozesua?
Duela hilabete batzuk hasi nintzen muralaren ideia lantzen, lehen planteamenduak eta zirriborroak garatzen. Prozesuan zehar, Olargi taldearekin eta udalarekin ideiak eta aurrerapenak partekatu ditut. Fase ezberdinen segida bat izan da: lehenik, ideiaren garapena, ondoren, forma, kolore eta konposizio posibleen esplorazioa, eta, azkenik, muralaren gauzatzea paneletan bertan. Pintura-lana bera, ordu asko sartuta, lau egunetan burutu dut, baina aurreko faseek denbora gehiago eskatu didate.
Plaza bera ere funtsezkoa izango zen muralaren konposizioan.
Bai. Eraikinaren euskarriak eta egiturak berak markatu dute esku-hartzearen forma: hiru partetan banatutako antolamendua proposatzen zuen, eta horrek konposizioaren oinarria eman zidan. Eta ez hori bakarrik. Plazak berak badu berezko nortasun bat, izenak berak – Lasa eta Bujanda plaza- dakarren kargan eta esanahian islatzen dena. Ez da edozein espazio, jada izendatutako eta memoriak markatutako leku bat baizik.
«Baliteke lan hau, bere izaera abstraktuagatik, batzuei arrotza egitea edo ez gustatzea. Normala da. Hala ere, uste dut denborarekin muralak bere tokia eta zentzua hartuko dituela herrian»
Nola hartu du Olaberriak sorkuntza hau?
Zaila da jakitea baina orain arteko erantzuna ona izan da. Bai Olargi taldearen aldetik, bai udalaren partetik harrera positiboa jaso dut, eta murala dela eta gerturatu zaidan jendeak ere interesez hartu duela esango nuke. Baliteke lan hau, bere izaera abstraktuagatik, batzuei arrotza egitea edo ez gustatzea. Normala da. Hala ere, uste dut denborarekin muralak bere tokia eta zentzua hartuko dituela herrian, eta herritarrek gutxika-gutxika gehiago baloratuko dutela.













