«Hobetzen eta gozatzen jarraitu nahi nuke junior mailan ere»
Erakustaldi ikusgarriak eman eta emaitza ezin hobeak lortu ditu aurtengo denboraldian Maixa Odriozolak (Ataun, 2009). Kadete mailan lehiatu da, Zu-k/Limousin taldearekin.
Maixa Odriozola, bere mallot eta bizikletarekin.I.O Orain arte txirrindularitza ez da ataundarrak praktikatu duen kirol bakarra izan, igeriketarekin uztartu izan baitu beti. Umetatik gustuko izan ditu bi kirol horiek, baina denboraldia aurrera joan ahala, txirrindularitzan zentratu behar izan du, nahitaez. Astean hiru bat egunetan entrenatzen du.
Denboraldia ederki borobildu duzu Espainiako Txapelketan. Zenbat garaipen lortu dituzu urtebetean?
Denboraldia ziklo-krosean hasi nuen eta bi garaipen lortu nituen, bata Iruñean eta bestea Amurrion. Errepidean, berriz, beste bost garaipen izan ditut: horietako lau bakarkakoetan irabazitakoak eta azkena Espainiako Txapelketan Euskadiko selekzioarekin jokatutako taldekako erlojupekoan lortutako aurreneko postua. Horrez gain, Ordiziako karreran Gipuzkoako txapeldun geratu nintzen. Berezia izan zen hori, etxeko garaipena izan baitzen.
Ez dira garaipen makalak, baina izango duzu lasterketa gogoangarriren bat.
Garrantzitsuenak Espainiako Kopako jeneraleko bigarren postua eta Espainiako Txapelketako hirugarren postua izan dira, baina ez hori bakarrik. Espainiako Kopan lorturiko urrea ere bereziki estimatzen dut, Pontevedran irabazitakoa.
«Presioa modu eraginkorrenean kudeatzen saiatzen naiz beti, errendimenduan eragin ez dezan»
Sentitzen al duzu presiorik?
Esango nuke emaitza onek presionatu baino, gehiago motibatzen nautela, izan ere, entrenamenduak gogo eta indar gehiagorekin eramaten ditut aurrera, eta ahalik eta helburu zehatzenak jartzeko aukera ematen dit, hartara emaitza hobeak lortzeko hurrengo lasterketetan. Hala ere, noiz edo noiz sentitu izan dut presioa, noski, baina ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatzen saiatu naiz beti, errendimendu pertsonalean eragin ez dezan.
Presioa kudeatzean garrantzitsua izaten da ingurua.
Bai, nire kasuan ere hala da. Familiak oso funtzio garrantzitsua du nire egunerokoan, eta ez bakarrik presioa kudeatzerako garaian: aitak, esaterako, entrenamendu zein karrera guztietan bere esperientzia transmititzen dit; amak, berriz, elikadurarekin laguntzen dit; eta, ahizpa ere ondoan dut beti. Hirurek honetan jarraitzeko motibazio bizia ematen didate. Beraiek dira nire euskarri egonkorrena. Baita lagunak ere.
Talde giroak ere izango du eragina lehiatzerakoan…
Bai, eta horretan ere zorteduna naiz. Oso giro ona daukagu taldekideen artean, eta ezinbestekoa da hori niretzat. Oro har, esango nuke txirrindularitzan lehiakortasun handia dagoen arren, lasterketa eta karreretatik kanpo, gehienok lagunak garela. Garrantzitsua da hori.
Junior kategorian lehiatuko zara datorren denboraldian. Zer espero duzu?
Aldaketetara eta kategoria berrira ongi egokitzea espero dut. Baita hobetzen jarraitzeko marjina izatea eta orain arte bezala txirrindularitzaz gozatzen jarraitzea ere. Ez dut besterik nahi.
«Oraindik gaztea naiz eta kosta egiten zait epe luzera begira neure burua irudikatzea»
Oso gaztea zara eta dagoeneko txoko asko ezagutzen dituzu. Ba al da amesten duzun lasterketarik?
Bai, toki desberdin askotara bidaiatu dut, izan ere, Espainiako Kopan lehiatzeak kanpora asko mugitzea eskatzen du, eta pentsatzen jarrita, Europa mailako lasterketaren batean parte hartzea gustatuko litzaidake.
Eta erreferente gisa duzun txirrindularirik?
Gizonezkoetan Wout Van Aert gertutik jarraitu izan dut beti, eta emakumezkoetan, berriz, Demi Vollering. Asko gustatzen zaizkit biak.
Etorkizunari begira… non ikusten duzu zure burua?
Oraindik gaztea naiz eta kosta egiten zait epe luzera begira neure burua irudikatzea. Denborak esango du, eta denborak jarriko nau jarri beharreko tokian. Nire esku balego, ederra litzateke nire pasioaz, txirrindularitzaz, gozatzen jarraitzeko aukera izatea, eta orain arte bezala disfrutatzen jarraitzea. Baina batek daki…













