Josu Mujika gogoan izango dute Legazpin haren hilketaren 50. urteurrenean
Uztailaren 30ean egingo dute oroimen ekitaldia.
Mariaje Lezeta, Josu Mujikaren bikotekidea, burumakur, Mujikaren argazkiaren alboan. / Kerman Garralda Zubimendi - Goierriko Hitza Uztailaren 30ean 50 urte beteko dira Josu Mujika Aiestaran legazpiarra polizia espainiarraren tiroek Madrilen hil zutenetik. Haren memoria bizirik mantentzeko eta egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko, Egiari Zor elkarteak ekitaldi berezia antolatu du Legazpin.
Inpunitatearen aurrean, egia judiziala lelopean, bi ekitaldi antolatu dituzte. Lehenik, 18:30ean, Aurreskuaren zirrara dokumentalaren emankizuna egingo dute, Legazpiko Gaztetxean. Dokumentala duela bi urte estreinatu zen, Latxartegi aretoan, eta Mujikaren bizitza eta hilketaren inguruko testigantzak jasotzen ditu.
Ondoren, San Inazio auzoan, 20:30ean hasita, oroimen ekitaldia egingo dute. Egiari Zor elkarteko kideak, senitartekoak, lagunak eta herritarrak bilduko dira bertan.
2023an aitortua
2023 urteko maiatzean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak aitortu egin zuen Josu Mujika eta haren familiaren biktima izaera, eta haren heriotza motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan kokatu zuen.
Hala izanda ere, gertatutakoa oraindik argitu gabe dago, eta bide juridikoak hartuta daude. Familiak Giza Eskubideen Behatokiarekin batera kereila kriminala aurkeztu zuen, eta inpunitateari aurre egin nahi diote, egia osoa argitu eta ardura politiko zein penalak eskatzeko heriotza haren arduradunei. Kasu hau, garrantzitsua da indarkeriaren aurpegi ilunak argitzeko.













