Mapa eta iparrorratza hartu, eta mendira
Eliteko orientazio kirolariekin batera, familiek eta lagunek ere parte hartu ahal izango dute San Adrian ingurua abiapuntu izan duten bi orientazio probetan. Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatu du, eta Ipar Ligarako baliagarria izango da.
Zegaman jokatutako orientazio proba baten artxiboko irudia.Hitza Zegama natura, mendia eta kirola ondo uztartzen diren herria dela ez dago zalantzarik. Bertako paisaiak eta mendiek inguruaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eta mendi maratoiaz gain, bestelako natur eta mendiko kirolak ere badute tokia Zegaman.
Oraingo honetan Zegama-Aizkorriko baso eta bidexkez gozatu ahal izango da, baina mapa eta iparrorratz baten laguntzaz. Ez da kasualitatea, Zegama-Aizkorriko goi mailako hainbat mendi korrikalari orientazioan ere aritzea, horren lekuko dira 2025. urtean, Zegama-Aizkorrin 2. postuan sailkatu diren Andreu Blanes eta Judith Wider orientatzaile ezagunak.
Asteburu honetan, uztailaren 26an eta 27an, Zegama eta San Adrian ingurua urteko Euskal Herriko orientazio probarik garrantzitsuenaren lekuko izango da. GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak, Zegamako Udalaren eta Goiturren laguntzarekin Ipar Ligarako baliagarria izango den orientazio proba antolatuko dute. Euskal Herriko, Kataluniako, Asturiasko, Gaztelako, Kataluniako eta Frantziako orientazio kirolaririk abilenak elkartuko ditu, baita Espainiako txapeldunak eta berriki Europako Txapelketan izan diren gazteak ere.

San Adriango aterpetxe zaharra izango da probaren abiapuntua.Hitza
Bi distantzia, bi egun
Aratz eta Urbia arteko basoetako orientazio mapa estreinatuko da asteburuan. Bi proba izango dira. Distantzia ertainekoa larunbatean izango da: “Aratz inguruan izango dute erronka parte hartzaileek. Oso proba teknikoa izango dute”. Igandean San Adrian eta Urbia arteko basoetan izango da distantzia luzeko proba. Amaitutakoan, asteburuko emaitzen batura kontutan izanda sari banaketa egingo da Aldaolako lehiaketa gunean.
Orientazio kirola maila eta gaitasun fisiko guztietako parte hartzaileentzako kirola da. Aizkorrin, 10 urteko neska mutilentzako ibilbideetatik hasi eta 65 urte baino gehiago dituztenentzako ibilbideak izango dira, b kilometroko ibilbide samurrak edo sei kilometroko orientazio proba teknikoak.
Eliteko orientazio kirolariekin batera, familia eta lagunek ere parte hartu ahal izango dute proba hauetan. Eta aukera paregabea izango da, mapa eta iparrorratzarekin mendian norberaren orientazio gaitasunak ikusi eta ikasteko. Oinez, korrika, lagun artean edo lehiatzen, orientazio kirolaz gozatu ahal izango da asteburuan.
EGITARAUA
Uztailak 26, larunbata (Distantzia Ertaina)
- 13:30. Lehiaketa zentroaren irekiera (San Adriango aterpetxea)
- 14:30. Lehen korrikalariaren irteera
- 17:00. Azken korrikalariaren irteera
- 19:00. Helmuga ixtea
Uztailak 27, igandea (Distantzia luzea)
- 08:30. Lehiaketa zentroaren irekiera (San Adriango aterpetxea)
- 09:30. Lehen korrikalariaren irteera
- 12:00. Azken korrikalariaren irteera
- 14:00. Bi egunetako denboren batuketaren sari-banaketa (lehiaketa-zentroan)
- 15:00. Helmuga ixtea













