Promesa berri bat atletismoan
Hodei Fernandezek bi urte baino ez daramatza atletismoan, baina korrikarako dohainak nabari zaizkio jada. Autismoa du, eta adimen desgaitasuna dutenen mailan Espainiako txapeldun izan da aurten.
Hodei Fernandez ormaiztegiar atleta.Josune Zarandona Orain bi urte hasi zen atletismoan Hodei Fernandez Fajardo (Ormaiztegi, 2009). Haurra zela autismoa diagnostikatu zioten eta patologia horrek erabat baldintzatu du bere bizimodua, baita bere familiarena ere. Autismoak, ordea, ez dio korrika egitea eragotzi eta aurten Espainiako txapeldun izan da hirutan, FEDDI mailan. FEDDI Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioa da eta kirol inklusiboaren alde egiten du lan. Fernandezek ez du ordea, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako lasterketetan soilik parte hartzen. Besteak beste, aurten Goierri mailan egin diren zenbait lasterketatan ere punta-puntan ibili da bere mailan: Idiazabalgo 44. Herri Krosean garaipena lortu zuen kadeteen mailan eta Ormaiztegin jokatu zen Sahararen aldeko krosean ere herriko lehendabizikoa izan zen, esate baterako.
Korrika egiteak «erlaxatu» egiten duela dio Fernandezek. Aurretik futbolean aritu zen, baina dio ez zela berarentzat egindako kirola. Benito Fernandez Hodeiren aitak azaldu duenez, «kirola egiteak, korrikak kasu honetan, asko laguntzen dio» Hodeiri. «Futbolean tentsio gehiago izaten zuen eta urduri jartzen zen». Aita Goierri Garaia atletismo taldean aritzeak izango zuen, noski, Hodeiren erabakiarekin zerikusirik. «Probatzeko asmotan joan nintzen, eta gustatu egin zitzaidan», kontatu du semeak.

Fernandez, ekainean, Chiclana de la Fronteran.Hitza
Basauri eta Javi Conde
2023ko irailean hasi zen Goierri Garaian entrenatzen eta hasi eta bi hilabetera Euskal Herriko kros txapelketetan parte hartzen hasi zen. «Lehenengoa Zornotzan (Bizkaia) izan zen, gero Lasarten, Irunen, etab. izan nintzen. Lehiaketetako adrenalina hori gustatzen zait. Hasierako puntuan nagoenean pixka bat urduri jartzen naiz, baina lasaitu eta nire lasterketa egiten saiatzen naiz», kontatu du. Hodei adimen desgaitasuna ez dutenekin batera hasi zen txapelketetan parte hartzen. Gaitasuna eduki badauka, baina ez du baldintza berdinetan jokatzen. «Hasiera puntutik helmugara joateko laguntza behar izaten du batzuetan», kontatu du aitak.
Hala, 2024ko azaroan Basauriko (Bizkaia) Club Paralimpico Ascensores Bertako Javi Conde taldearen berri izan zuten eta Goierri Garaia haiekin harremanetan jarri zen, Hodeik bertako kide izateko baldintzak betetzen zituen jakiteko. Urte hartan azaroan ospatu zen Lasarteko krosean ikusi zuten Basaurikoek lehendabiziko aldiz Hodei korrikan. «Baldintzak betetzen zituela eta taldeko kide izateko beharrezko dokumentazioa bidaltzeko esan ziguten», kontatu du aitak. Hala, aurtengo urtarriletik Basauriko taldeko kide bezala lehiatzeko aukera izan du Hodeik.
Espainiako txapeldun
Goierri Garaiarekin egiten ditu asteroko entrenamenduak eta beraiekin parte hartuko du datorren ikasturtean ere, Euskal Herriko kros txapelketetan. Basauriko taldearekin, aldiz, Espainia mailan lehiatzeko aukera sortu zaio. Urtarrilaren amaieran Getafen (Madril, Espainia) jokatu zen Kros inklusiboko Espainia mailako txapelketan parte hartzeko aukera izan zuen. Desgaitasuna zuten eta ez zuten kirolariak aritu ziren elkarrekin, sailkapena ezberdina zen arren. Hodei Espainiako txapeldun suertatu zen 16 urtetik beherakoen mailan. «Ez nintzen irabazteko asmoarekin joan. Gustura egin nuen lasterketa, ez zitzaidan batere gogorra egin. Irabazi nuela jakin nuenean oso pozik jarri nintzen», dio.
Ekainean, berriz, Chiclana de la Fronteran (Cadiz, Espainia) jokatu zen FEDDI mailako Espainiako pistako txapelketan parte hartu zuen. Urrezko dominak eskuratu zituen 3000 metroko eta errelebokako 400 metroko lasterketetan eta zilarra 1000 metrokoan. Distantzia luzeagoko lasterketak nahiago ditu Hodeik; «distantzia motzak gogorragoak dira», dio.
Uda atseden hartzeko
Pozik dago aurtengo denboraldian lortutako markekin eta datorrenean errepikatzeko helburuarekin dago. Aitaren iritziz, hasiberria den arren, korrikarako dohainak nabari zaizkio Hodeiri, baina «pixkanaka» joan da atletismoan zailtzen, familiak eta entrenatzaileak hala erabakita. Uda «atseden» hartzeko hartuko duela dio, entrenamenduak albo batera utziko ditu aste batzuez, baina ez dio korrika egiteari utziko; bere kasa ibiliko dela aurreratu du, irailean berriz, denboraldia hasi bitartean.













