Tomateak, Altzibargo uzta berria
Apirilean landatu zituzten aurreneko tomateak Altzibarren, eta orain hasi dira lehenengo fruituak biltzen. Prozesua «ahalik eta naturalena» izateari garrantzia eman diote. Oraingoz, dendan eta inguruko negozio gutxi batzuetan daude eskuragarri tomateak.

Duela 25 urte inguru hasi ziren lanean Pilar Maritxalar eta Edorta Atin senar-emazteak Gabiriako Altzibar loradendan. Atinek bizitza osoa darama lorezaintzan, eta bere ekimenez sortu zen negozio hau. Maritxalar, senarrari laguntzeko hasi zen horretan, eta ordutik aurrera negozioa handitu dute. Lore salmentaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte: lorategien diseinua eta mantenua, sasi garbiketa eta landaketa lanak, eta baita zuhaitzak landatzea ere, besteak beste. Hala ere, lehenengo aldiz, tomateak landatu zituzten apirilean, eta orain hasi dira aurreneko aleak biltzen. Oraingoz, Altzibarren bertan eta inguruko denda txikietan daude salgai fruituak.
Tomateak dendatik metro gutxira dagoen negutegi batean landatu dituzte. Lehen ere erabiltzen zuten negutegi hori loreak landatzeko, baina azkenaldian, «nahiko utzita» egon dela esan du Maritxalarrek. Urtarrilean hasi ziren konponketak egiten eta sistema guztia prestatzen; apirilean erein zituzten tomate-haziak; eta azkenik, duela hiru aste inguru hasi ziren lehen aleak biltzen. Oraindik hasi berriak diren arren, jabeek ondo dakite zer behar duten fruituek osasuntsu hazteko: «Tomate onak ateratzeko ureztatzea kontrolatu behar da, ur gehiegi ez da ona izaten, baina gutxiegi ere ez. Bestalde, gaixotasunak kontrolatzea ere garrantzitsua izaten da. Tarteka izurriak ere izaten dira: zorriak, harrak… eta ondorioz, adi egon behar izaten da».
«Tomate onak ateratzeko ureztatzea kontrolatu behar da, ur gehiegi ez da ona izaten, baina gutxiegi ere ez»
Pilar Maritxalar. Altzibar loradenda
Maritxalarrek gaineratu du tomateak lore ugari ematen hasten direnean, horietako batzuk kendu egin behar izaten direla, fruituak «indartsu» haz daitezen eta tamaina «egokia» izan dezaten. Halaber, Altzibargo jabeek garrantzi handia eman diote euren produktuak «ahalik eta naturalenak» izateari; horregatik, ez dute pestizidarik ezta gehigarri artifizialik erabili. Gainera, tomateen kalitate gorena lortzeko, erlauntza bat jarri dute negutegian, fruituen polinizazioa hobetzeko. Maritxalarren esanetan, erleak oso «metodikoak» dira horretan, eta «banan-banan» joaten dira fruitu batetik bestera: «Erleak oso azkarrak dira, eta gizakiak eskua sartzen duenean baino emaitza hobeak lortzen dira beraiei utzita». Bestalde, tomateek izan ditzaketen zomorroak hiltzeko, landare-zorriak ere erabili dituzte, produktu artifizialak alboratuz.
Bertatik bertarako produktuak
Altzibarren «pasioz» bizi dute euren lana, eta prozesuko etapa guztiek «beren xarma» dutela diote jabeek. Hala ere, Maritxalarri gehien gustatzen zaiona, egunetik egunera gertatzen diren aldaketak ikustea da. «Urte osoan zehar etengabeko aldaketen lekuko izaten gara, eta hori izugarria da. Fruitu edo landare bat ereiten dugunetik hazten den arteko prozesua ikustea oso polita da». Gaineratu du, sasoi bakoitza «desberdina» izaten dela, eta guztiek dutela «zerbait berezia». Hemendik aurrera, Atin eta Maritxalarren asmoa bertatik bertarako tomate salmenta egitea da, inguruko azoketara ere joanez.