Auzolanaren indarrak hauspotuta 30. aldiraino
‘Agur Hatortxu Rock’ lelopean, atzo hasi zen ekimenaren 30. eta azken edizioa. Auzolanari esker izan da posible egitea, urtez urte. Horrela kontatu dute.
Hatortxu Rock posible egin duten boluntarioak.Hatortxu Rock Hatortxu Rock ez da soilik musika jaialdi bat. Euskal Herriko elkartasun egitasmo indartsuenetako bat da, eta auzolanaren indarrean oinarritzen den komunitate proiektu bat. Aurtengo edizioa, atzo hasi zen, eta uztailaren 27ra egingo da, eta lau egunetan zehar musika, ekitaldi sozial eta politikoak, hitzaldiak, tailerrak eta herri bazkariak uztartuko dira, besteak beste.
Nerea Egia jaialdiko komunikazio arduradunak adierazi duenez, «urte osoan lanean ari garen arren, azken aste hauetan auzolanaren benetako indarra azaleratzen da». Nabarmendu duenez, herriz herri, auzoz auzo, jendea batzen joan da, Hatortxuren inguruan elkartasun-sarea sendotuz, eta azken egunotan, ekimenaren 30. eta azken edizioa izango den honetarako guztia prest izateko boluntario sare erraldoia lanean izan da. «Boluntarioen lanik gabe ez zen posible izango jaialdirik egitea», nabarmendu du Egiak.
Goierritik, esaterako, boluntario talde handi bat joan da laguntzera. Eskenatokien eta azpiegitura desberdinen muntaian aritu dira azken egunotan, eta behin jaialdia hasita ere, auzolanak azken minutura arte segiko du, barrako turnoak eginez, besteak beste. Astebururako boluntarioen 7.079 txanda baino gehiago antolatu dituzte auzolanaren dimentsioaren erakusle.
Olaia Bergara lazkaotar gazteak egunak daramatza bertan laguntzen, beste hamarnaka goierritarrekin batera. «Lehenengo urtea da niretzat. Jakin nuenean honako hau jaialdiaren azken edizioa izango zela, zalantzarik gabe auzolanean izena eman nuen». Lazkaotarrarentzat, esperientzia pertsonal «zoragarria» izaten ari da; «Bertan ezagutzen dugun jendearekin harreman berriak sortzen ditugu eta komunitatea elikatzen da».
Hatortxu Rock-en aurrez izandakoa, baina publiko bezala, aurtengo urratsa «erabat aberasgarria» izaten ari dela kontatu du. «Aitortzen dut pena pixka bat ematen didala honako hau azkeneko edizioa izatea», esan du Bergarak.
Jaialdia urtez urte elkartasun kolektiboaren adierazle nagusietako bat bihurtu da. Espetxe politika salatzeko, dispertsioaren aurka eta preso politikoen eskubideen aldeko aldarri gisa jaio zen, eta gaur egun ere, helburu horiei eusten die.
Goierriko boluntarioen esanetan, «gure keinu txikiek, gure orduak eta gure eskuak Hatortxuren bihotza osatzen dute; horregatik, han izan nahi dugu».
Egitarau zabala
Agur Hatortxu Rock 30 edizio honek, musika eskaintza zabala eskainiko du berriz ere. Kartel buruan Zea Mays, Su Ta Gar, Anestesia, Latzen, Alaitz eta Maider, Olaia Inziarte, Zetak, Gorka Urbizu, eta beste hamarnaka talde izango dira. Baina musika ez da jaialdiaren ardatz bakarra: askotariko tailerrak, hitzaldiak eta hausnarketarako guneak egongo dira.
Gainera, aurten jantoki propioa eta herri sukaldea izango dute berriz ere. «Sukaldean ere auzolanean aritzen gara, jende guztia otordu goxoak izan ditzan», azaldu du Egiak. Talo goxoak jateko aukera ere ezin da galdu, Ataungo talogileak bertan izango baitira, beste hainbat eragileren artean. Horrez gain, azokak, haur-guneak eta kirol ekintzak ere aurreikusi dituzte.
Lau egun, ia 100 kontzertu, dibertsioa bermatuta dago. Baina Hatortxu Rockeko ordezkariek iragarri duten moduan, uztailaren 27an ekitaldia egingo dute Etxera lelopean. Jaialdiko gune nagusian irakurritako manifestuan ordezkariek azaldu dute «Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia da. Luzeegi gertatzen ari da jada konponbiderako bidea. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugu». Manifestua 22 eragilek babestu dute: Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Ernai, Ikama, Xuti gazte, Gazte Abertzaleak, Bilgune Feminista, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, AEK, Steilas, LAB, ELA, Hiru, EHNE, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH.
Eskuratu sarrera
Agur Hatortxu Rock atzo hasi bazen ere, antolakuntzatik gogorarazi dute, gaurko eta hurrengo bi egunetarako sarrera gutxi batzuk eskuragarri daudela oraindik. Erosi nahi izatekotan, sartu www.hatortxurock.eus webgunean. «Oholtzak prest daude, aldarria hauspotzeko eta komunitatea berriz ere elkartasunean bat egiteko» animatu dituzte goierritarrak bertaratzera.














