Pilotak ez du hutsik egin Santa Ana egunez
Aspaldiko urteetako pilota jaialdirik luzeena jokatu da gaur Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan. Lehen partida De la Fuente-Gaskuek irabazi dute, bigarren Altuna III.ak eta Martijak.
Altuna III.ak eta Martijak 22-19 irabazi diete Elordiri eta Zabaletari gaur, Santa Ana eguneko jaialdian.Iñaki Gurrutxaga Seiak puntuan zirela hasi eta bederatziak izateko hogei minutu falta zirela bukatuko da gaur Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan Santa Ana egunez jokatu ohi den pilota jaialdia. Lehen partidarako harmailen hiru laurdenak osatu dira, eta bigarrenerako bete egin da frontoia. Aspe enpresarekin kudeatu du festetako jaialdia Ordiziako Pilotazale elkarteak. Txapagain pilota eskolaren laguntza izan dute.
Egiguren eta Gabirondo aritu dira gorriz lehen norgehiagokan, eta De la Fuente eta Gaskue urdinez. Partida orekatua izan da, eta markagailuan txandakatzeak izan dira, baina azkenean urdinentzat izan da garaipena (18-22).
Partida nagusian ere pare-parean ibili dira Altuna III.a-Martija –gorriz– eta Elordi-Zabaleta. Lan erdietara urdinak iritsi dira aurretik (10-11), 19nako berdinketa ere izan da, eta azken hiru tantoak gorriek lortu dituzte. 22-19 bukatu da norgehiagoka gorrien alde.
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













