1936ko Gerrako biktimak gogoan izan dituzte Beasainen
Hitzezko aldarrikapenez gain, musika, dantza eta olerkiak ere izan dira ekitaldian. Azkenik, lore eta kandela eskaintza egin dute Frankismoaren biktimei eskainitako monumentuan.

1936ko gerran eraildako, fusilatutako eta gerra garaian errepresioaren ondorioz hildako beasaindarrak oroitu dituzte arratsaldean. Ekitaldia Frankismoaren biktimei eskainitako monumentuaren ondoan egin da. Beasaingo Memoriaren Herri Ekimena taldeak antolatu du, Beasaingo Udalaren babesarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin.
19:00etan hasita, ia ordubeteko iraupena izan du ekitaldiak. Hitzezko aldarrikapenez gain, musika, dantza eta olerkiak ere izan dira bertan. Aurkezpen labur baten ostean, Mikel Urdangarin filosofoak garai ilun horien inguruko gogoetak eskaini ditu. Jarraian, Beasaingo Talde Feministako kideek herriko emakume askok pairatu zituzten bortizkeriak izan dituzte hizpide, izenak gogora ekarriz. Ondoren, Andoni Sarriegik hiru kantu musikatu abestu ditu, eta segidan, agurra dantzatu dute.
Azkenik, lore eta kandela eskaintza egin dute Frankismoaren biktimei eskainitako monumentuan. Jendetza bildu da 1936ko gerrak utzitako zauriak oroitzeko.






























