Bi kataluinar garaile Zegama-San Adrian orientazio proban
Aratz eta Urbia arteko basoetako orientazio mapa estreinatu dute aurtengo edizioan. Ibilbide berria "gogorra" eta "exijentea" izan da.
Aurtengo edizioko irabazleak. Argazkia: Ibon Goikoetxea Beste urte batez, orientazioaren eta mendiko kirolaren erreferente bilakatu da Zegama-Aizkorri asteburuan. Aurtengo orientazio proba ere jendetsua izan da, eta berrehundik gora kirolarik parte hartu dute bertan. Elite mailako irabazleei dagokienez, gizonezkoetan Biel Ràfols kataluniarra izan da irabazlea 1:40:34-ko denborarekin. Bigarrena, berriz, Burgosko Eduardo Gil 1:41:33 izan da; eta hirugarrena, Aratz Beobide getariar gaztea, 1:46:45-ko denborarekin. Esperotako garaipenak izan dira hiru kirolarienak, orientatzaile ezagunak baitira kirol honen barruan. Elite mailako emakumezkoei dagokienez, lehenengo sailkatua Mar Serrallonga kataluniarra izan da, 2:06:13-ko denborarekin. Bigarren Izaskun Etxeberria nafarra, 3:27:00-rekin. Hirugarren postua Tatiana Loginova bizkaitarrarentzako izan da, 3:59:19 ko denborarekin.
Mapa berri bat
Aurtengo edizioan, mapa berri bat -eta ondorioz, ibilbide berri bat- estreinatu dute, Aratz eta Urbia arteko basoetatik igaro dena. Ibon Goikoetxea antolatzaileak esan du balorazio “oso positiboa” egiten dutela: “Lehenengo aldia izan da mapa hau estreinatzen genuena eta esperientzia oso polita izan da. Zegama eta Otzaurte inguruan orientazio proba eginda geneukan lehendik, baina aurtengo edizioan eremu berria izan dugu, Urbiatik Aratz inguruko basoetara zabaldu dena”. Goikoetxeak nabarmendu du, ibilbidea “gogorra” izan dela, bai teknikoki, fisiko eta baita mentalki ere: “Oso ibilbide exijentea izan da, baso horietan orientatzea ez baita erraza. Horrek, jende askori zailtasunak ekarri dizkio”. Irabazleak esperotako denboren tartean ibili diren arren, gainontzeko partaideekin izandako aldeak handiak izan dira.
Ibonek adierazi du antolaketa aldetik ere ibilbidea prestatzeko lan “handia” egin behar izan dutela, logistika “konplexua” eskatzen duen prozesua baita. Azkenik, ondorengoa gehitu du: “Goi mailako mapa bat dugula esan dezakegu, bai Espainiar Estatu mailan eta baita Europa mailan ere. Ziur gaude hemendik aurrera jendea zain egongo dela horrelako toki pribilegiatu bat ezagutu eta gozatu ahal izateko”.












