Hamlet Sargsyan-en begirada biltzen duen erakusketa
Beasaingo Aterpe tabernan azken egunak dira Hamlet Sargsyan artista armeniarraren erakusketa ikusteko. 'La voz del alma' izeneko bilduma honek kolorea, sinbolismoa eta ikuspegi berezi bat ekarri ditu

Beasaingo Aterpe tabernan azken egunak dira Hamlet Sargsyan artista armeniarraren erakusketa ikusteko. La voz del alma izeneko bilduma honek kolorea, sinbolismoa eta ikuspegi berezi bat ekarri ditu.
Sargsyanen pinturak mezu ugari eta ikono kristauaren eragina islatzen dute; bere heziketa eta jatorri armeniarraren aztarnak ageri dira koadro bakoitzean. Bere lanek badute berezitasun bat: koadroa biratzean irudia guztiz aldatzen da, eta adibidez, lore txuri txiki batzuk zaldi eta zaldun bihurtzen dira, edo Noeren uso bat koloretako politxinela bihurtzen da 180 gradu biratuz gero. Artista honek bere lana “pintura aldatu eta iraultzeko” ahalegintzat jotzen du: “Nire erronka da koadro bera lau modutan ikusi ahal izatea; albo bakoitzetik ikuspegi desberdin bat sortzea”.
Ikuspegi zabala
Bere lanetan gizakiaren bakardadea, erlijio gaiak eta armeniar historian oinarritutako pasarteak ageri dira. Adibidez, Hayk izeneko pertsonaia mitikoaren zalditeria Ararat mendian margotu du, edo Ignazio Loiolakoaren irudia islatu.
Sargsyanen paisaiak ilun samarrak dira, baina kolore biziak erabiltzen ditu beti; bere begirada berezia erakusten du, munduaren errealitateak beste prisma batetik ikusten dituelako, bere jatorriaren eta bizi izan duen ingurunearen eraginez.
Artista honen iritziz, arteak publikoarekin osatzen du bere bidea. “Erakusketa bat egin nahi dut nire ikuspegia eta sormen prozesua partekatzeko. Arteak ez du zentzurik publikoarekin konektatu arte. Hor dago emozioak pizteko eta elkarrizketa sortzeko aukera”, azaldu du Beasaingo Aterpe tabernan ikusgai duen erakusketara gonbidatuz jende guztia.