Lazkaoko EH Bilduk legealdi erdiko balorazioa egin du
Koalizioak salatu duenez, "elkarlana eta kooperazioa bultzatzeko aukera ederra" galdu du EAJk. Hala ere, oposizioko taldeak positibotzat jo ditu azken bi urteetan aurrera eramandako zenbait proposamen
Lazkaoko EH Bilduk balantzea egin du legegintzaldiko erdia beteta, eta udal gobernuaren jardunaren inguruko irakurketa plazaratu du, herritarrei banatutako aldizkari baten eta sare sozialen bidez zabaldutako bideoen bitartez.
Koalizioak salatu duenez, “elkarlana eta kooperazioa bultzatzeko aukera ederra” galdu du EAJk. EH Bilduren esanetan, udal proiektuak elkarrekin lantzeko prest agertu dira behin eta berriro, baina gobernu taldeak “alde bakarreko erabakiak” hartu nahi izan ditu, hauteskundeak 28 botogatik irabazi ostean.
Hala ere, oposizioko taldeak positibotzat jo ditu azken bi urteetan aurrera eramandako zenbait proposamen: Txupinazoaren eta aurrekontuen inguruko parte-hartze prozesu txikiak martxan jarri dira; familia zaurgarrientzat kultur eta kirol jardueretan deskontuak ezarri dira: eta haurren parke bat estaltzeko proiektua garatzen ari da udala.
Inbertsioen eta aurrekontuen inguruko kritikak
EH Bilduk gogor salatu du inbertsioen kudeaketa ekonomikoa. Aurrekontuen hazkunde kontrolik gabe hazten ari dela kexu dira. Horren adibide, obra txikietan, Meandroko bidearen kostua %125 igo dela diote, proiektu nagusietan kiroldegiko lanen kostua hasierakoa baino 2,4 milioi euro handiagoa izan dela azaldu dute.
Horren ondorioz, udalak Plan Ekonomiko Finantzario bat aurkeztu behar izan du Foru Aldundian, hurrengo urteetako inbertsio gaitasuna mugatuz.
Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduk gogorarazi du Udalak aukera izan zuela Lazkao eremu tentsionatu izendatzeko, baina EAJren ezezkoarekin ezinezkoa izan dela.
Bestalde, Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) lanketa izango da legegintzaldiko erronka nagusietako bat, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Kultura, euskara eta jaien arloan, EH Bilduk uste du herritarrekin eta eragileekin benetako entzuketa eta lankidetza falta direla, eta udal gobernuari eskatu dio euskararekiko errespetu handiagoa eta jaien dimentsio herrikoia sustatzea.
Elkarlanerako prest
Amaitzeko, balorazioan hau azpimarratu dute: “Bi urte pasa dira, beste bi ditugu. EH Bildu beti egongo da prest elkarrekin adostasunak eraikitzeko, herriaren onurarako”.












