Zuhatz Sukia ataundarra Espainiako txapeldun pisu jaurtiketan
Aratz Cendon ordiziarra laugarren geratu da.

Zuhatz Sukia ataundar gazteak erakustaldi bikaina egin du Badajozen, Villafranca de los Barrosen jokatu den Espainiako atletismo txapelketan. Pisu jaurtiketan, sei kiloko bola 17,64 metro jaurti eta bere kategoriako (20 urtez azpikoak) garailea izan da. Hala, Espainiako txapeldun da ataundarra.
Kategoria berean parte hartu du Aratz Cendon ordiziarrak ere eta honek ere, oso lan ona eginda, Espainiako laugarren geratu da 15,34 metro luze jaurti zuelarik bola.
Odei Lopez Txindoki taldeko bi atleta goierritarren entrenatzailea “oso pozik” agertu da lortutako emaitzekin. Orain, oporraldia dela eta merezitako etena egingo dute, eta irailean berriro ere bueltan izango dira denboraldi berrira begira markak hobetzen jarraitzeko.