Euskal kultura ospatzera Estatu Batuetara
Ameriketako Estatu Batuetako Boise hiriko euskal festa erraldoia ospatzen ari direnen artean goierritarrak ere izango dira. Gari Garmendia harrijasotzaileak bertan ospatuko den herri kirol jaialdian parte hartuko du. Argazki galeria albistean.
Hegazkin bidaia luzea atzean utzita, euskal kultura ospatzeko gogoak eta emozioak Idahoko Boise hiriaren bihotzera eraman ditu Zumarragako hainbat lagun. Boisen, bost urtean behin, festa erraldoia egiten dute, euskal doinuz eta kolorez jantzita. Aurten ere, jaialdi honen ospakizunak milaka lagun batuko ditu AEBetako hiri horretan, eta horien artean goierritarrak ere izango dira.
Hiri osoak hartu du euskal jaiak. Musika eta herri kirolak ez dira faltako. Uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 3ra bitartean ospatuko da, bertako kaleak giro bereziz betez: kalean dantza, pintxoak eta lagun berriak egiteko parada.
Goierritik inguratutako lagunei, Euskal Herritik joandako besteekin batera, harrera beroa egin die Boiseko euskal komunitateak. Aireportuan zain zituzten ongi etorria emateko.
Hurrengo egunetan, jai berezi honetaz gozatzeko parada izango dute. Asteburuan, jaialdiak bere unerik ikusgarrienak eskainiko ditu. Sports Night ekitaldiak, herri kirol modalitate desberdinak uztartuko ditu; idi probak, harrijasotzaileak eta aizkolariak tarteko. Gari Garmendia harrijasotzaile idiazabaldarrak parte hartuko du bertan. Garmendiak sare sozialen bidez zabaldu du dagoeneko Boisen dela, eta jaialdian erabiliko duten materiala probatu du.
Horrez gain dantza jaialdiak ere egingo dira agertoki desberdinetan, Euskal Herritik joandako talde desberdinen parte hartzearekin. Eta igandean, euskal meza nagusia egingo dute St. John the Evangelist katedralean.
Ikusi bertatik bidali dizkiguten argazkiak:
- Euskal Herritik joandakoei ongi etorria aireportuan. Rafa Zabalo zumarragarra eskubian.
- Karabana Boiseko etxe bateko jardinean zumarragarrek bertan lo egiteko.
- Mendatan aitona duen Alex joan zaie agurtzera euskaraz entzun dituenean. Lazkaoko barnetegian izan zen Alex euskara hobetzen.
- Goierritik joandako lagunak Basque Center-ean.
- Rafa Zabalo eta Joxe Agustin Elortza trikitilaria Boisen.
- Gari Garmendia idiazabaldarra gainontzeko herri kirolariekin eta jaialdiko materaialarekin.
- Gari Garmendia Boise-ko erakustaldian erabiliko duten materialarekin.




















