Idiazabal jatorri izendapeneko lau gaztandegik sariak lortu dituzte Londresko Great Taste lehiaketan
Sarituen artean goierritarrek kudeatutako hiru gaztandegi daude, La Leze, Aizpea eta J. Aranburu.
Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga, Zegamako San Martin ferian gazta saltzen.Tere Madinabeitia 1994tik Londresen egiten den Great Taste nazioarteko lehiaketan bost sari eskuratu dituzte Idiazabal Jatorri Izendapeneko lau gaztandegik aurten, tartean goierritarrek kudeatutako hiru -La Leze, Aizpea eta J. Aranburu- . Elikaduraren ‘Oscars’ gisa ezagutzen den ekimen honetan, mundu osoko milaka produktu dastatzen dituzte 500 aditu baino gehiagok, zaporea balio nagusitzat hartuta.
Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa izendapeneko hiru gaztandegik eta Idiazabal gaztandegi batek izan dute aintzatespena. La Lezek (Ilarduia) hiru izar lortu ditu gazta ketuarekin eta bi izar gazta naturalarekin; Aizpeak (Olaberria) izar bat, gazta naturalarekin; J. Aranburuk (Idiazabal) izar bat, gazta naturalarekin; eta Kortaria – Infernuko Gasnak (Lekaroz) bi izar, gazta naturalarekin.
Ekoizleek beren latxa ardien esne gordina erabiltzen dute, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza eta lan egiteko modua aitortu dituzte sari hauek berriro.
Artzai Gaztak eta Idiazabal Jatorri Izendapenak zorionak eman dizkiete saritutako gaztagileei, eta azpimarratu dute aitorpen honek “gure gaztagileen ahalegina eta kalitatea nazioarte mailan berriro agerian uzten duela”













