Ordiziako feriak uztaileko azken astean ere bere erritmoa mantendu du
Eguraldi hezeak eta opor garaiak ez du eten azokaren ohiko jarduna.
Maite Zurutuza postuan. Igitai lekak izan da berrikuntza. Uztail bukaerako asteazkenak ez dira izaten feriarik jendetsuenak Ordizian, opor eta zubien eraginez, baina Plaza Nagusian mugimendua ez da falta izan gaurkoan ere. Saltzaileen esanetan, erosketak ohikoak izan dira, eta eguraldi hezeak ez ditu bezeroak erabat uxatu.
Turista batzuk ere ibili dira ferian; kostaldean eguraldia lagun ez zela eta, barrualdera gerturatu dira asko. Herriko jendea ere azaldu, nahiz eta askok oraindik jai nagusietako biharamuna sumatu.
Berritasun nagusia igitai formako leka izan da, Aramako Maite eta Arantxa Zurutuzak ekarria eta kiloa 8 euroan eskainia. Horrela, bost leka mota izan dira aukeran: txapala, leka borobila (berdea eta morea), leka gorria eta igitai formakoa. Prezioak 6 eta 10 euro artean daude.
Sasoiko barazki eta fruta eskaintza zabala izan da gainontzekoan: kuiatxoa, tomateak, berenjena, ziazerba, uraza eta piperrak, besteak beste. Perretxikoen eskaintza ere ez da falta izan: Felix Barcinak eta Mikel Lasak onddoak (60 kilo, 18-33 €/kg), ziza horiak (70 kilo, 18-22 €/kg) eta Barcinak, gainera, kilo eta erdi boilur ere eskaini ditu (290 €/kg).













