Alex Aranburu bigarren euskaldun onena Donostiako Klasikoan
Aranburuk eta Izagirrek, etxean lehiatzeko ilusioarekin, ikusgarritasuna eman diote lasterketari etxeko zaleen babesarekin.
Alex Aranburu lasterketa amaitu ondoren. Donostiako 44. Klasikoan Giulio Ciccone (Lidl–Trek) izan da garaile. Italiarrak tropela hautsi du helmugara iristeko 10 kilometroren faltan, Murgileko tontorrera bidean eta bakarrik iritsi da helmugara, 5:05:33ko denborarekin. Atzetik, Jan Christen (UAE) 9 segundora eta Maxim Van Gils (Red Bull‑BORA) 19ra sartu dira.
Eguneko ihesaldian ez dira sartu Cofidis taldeko bi goierritarrak. Alex Aranburu ezkiotarra (+02:15, minutu 23. postua) eta Ion Izagirre ormaiztegiarra (+13:49 minutu, 99.postua) eta tropelarekin gainditu dute Donostiako Boulevarrean kokatutako helmuga. “Gu ere ahalegindu gara aurrean egoten, baina Tourretik bueltan freskotasun puntu hori falta izan dela nabaria izan da”, adierazi du Aranburuk helmugan. Ion Izagirreren hitzetan “gogotsu” zegoen gaur lasterketa on bat egiteko, baina aitortu du Erlaitzen lasterketa lehertu denean ezin izan diola erritmoari eutsi. Hala izanda ere, bi goierritarrek euren presentziarekin giro berezia sortu dute Donostian eta lasterketako puntu esanguratsuenetan zale askoren animoak jaso dituzte.













