Zaldibiatik Europako sega txapelketara
Josu Mendizabal, Migel Mari Jauregi 'Altzo' eta Maide Garmendia zaldibiarrek parte hartuko dute Almitzarekin Bavariako Europako sega txapelketan. Asteazkenetik igandera jokatuko da.
Maide Garmendia zaldibiarra segan, Miel Mari Jauregi 'Altzo' erakusle duela.Leyre Carrasco. Tolosaldeko Ataria Zaldibiako segalariak Bavariako Europako sega txapelketan ariko dira asteburu honetan, Euskal Herriko selekzioaren partaide gisa. Ondorengo segalariek osatuko dute taldea: Gizonezkoen artean arituko dira Josu Mendizabal (Zaldibia), Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ (Zaldibia), Beñat Aiestaran (Zaldibia), Julen Gabirondo (Urnieta), Jokin Garmendia (Anoeta), Amaiur Arrospide (Leaburu), Xuban Gartzia (Gaztelu), Pabi Astondoa (Zeanuri), Manex Olaiz (Oiartzun), Bixente Mitxelena (Oiartzun), Mikel Lizartza (Tolosa), Oier Urkola (Anoeta) eta Harri Mitxelena (Oiartzun).
Emakumezkoak berriz, bederatzi izango dira: Maide Garmendia (Zaldibia), Lorea Zunzunegi (Gaztelu), Izadi Arrospide (Leaburu), Inge Goikoetxea (Gaztelu), Mari Olazar (Gaztelu), Alaitz Imaz (Hernialde), Izar Mendizabal, Sheyla Sarasola (Lizartza), Luixa Uzkudun (Leaburu).
Guztiek ere udaberrian jokatutako Euskal Herriko Azkartasun Sega Ligaxkako emaitzen bidez eskuratu zuten parte hartzeko aukera. Ligaxka maiatza eta ekaina artean jokatu zen Goiatzen, Etxalekun eta Hernanin, eta sailkapen orokorraren arabera hautatu zituzten Europako txapelketarako ordezkariak.
Lehiak Europako sega modalitatearen arauen arabera jokatzen dira: gizonezkoek 100 metro karratuko belardia ebaki behar dute ahalik eta azkarren eta txukunen, eta emakumeek 35 metro karratukoa. Epaimahaiek denbora ez ezik, txukuntasuna ere baloratzen dute eta zigorrak ezarri ditzakete lan garbiaren arabera.
Iazko edizioan ere parte hartu zuten Almitza Elkarteko kideek. Emakumeen taldeak bigarren postua lortu zuen Austriaren atzetik, eta gizonezkoek seigarren egin zuten. Gazteen kategorian ere bigarren postua eskuratu zuen Euskal Herriak.
Zaldibiako segalarien parte hartzeak herriko sega tradizioari eta belaunaldi berrien inplikazioari eusten dio. Oraingoan ere, prest dira Europa mailako erronka handi bati aurre egiteko. Alemaniako Thundorf Airing herrian jokatuko da txapelketa, bihartik igandera bitartean.












