Hobariak udal tasetan
Irailaren 1etik 30era egin daitezke eskaerak.
Beasaingo udal eraikina, Loinazko San Martin plazan.Ariane Vierbücher Beasaingo Udalak jakinarazi du irailaren 1etik 30era bitartean zabalik egongo dela udal tasa eta tarifen laguntzak eskatzeko epea. Laguntza horien helburua da udal tasen ordainketek diru-sarrera txikiak dituzten edo egoera zaurgarrian dauden herritarrengan izan dezaketen eragina arintzea, eta horrela, zerbitzu publikoetarako sarbidea bermatzea.
Diru-laguntza hauek, besteak beste, ur-horniduraren, zabor-bilketaren eta Antzizar kiroldegiko zerbitzuen tasak ordaintzeko hobari edo salbuespenak dira. Beasaingo Udalaren helburu nagusia da udal tarifek gizarte-bazterketaren arriskua ez areagotzea eta gizarte berdintasuna eta herritarren ongizatea sustatzea.
Baldintzak
Laguntzak eskatzeko, ondorengo baldintzak bete behar dira: Eskatzailea Beasainen erroldatuta egon behar da eskaera egiten den unean; bere bizikidetza-unitateak ez du gainditu behar diru-sarrera eta ondarearen urteko mugak; bigarren etxebizitza edo lokal baten jabetza osoa izanez gero, laguntza jasotzeko aukera galdu egiten da; eta etxebizitza bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.
Eskaerak non eta nola aurkeztu
Eskabideak aurkeztu daitezke, aurrez aurre, Udaleko iGunean (9:00etatik 14:00etara); posta arruntez; edota telematikoki, www.beasain.eus webgunean
Informazio gehiago nahi izanez gero, herritarrek 943 028 050 telefono zenbakira deitu dezakete edo udalaren webgunean kontsultatu.













