Produktu berriek zipriztindu dute abuztuko lehen azoka Ordizian
Frutak izan dira azokako protagonista nagusiak.
San Inazio sagarra izan da berrikuntzetako bat Ordiziako azokan.D'Elikatuz Udako oporrak direla eta postu batzuk hutsik egon arren, Ordiziako Plaza Nagusiak ez du freskotasunik falta izan gaurko azokan eta ez da oztopo izan berrikuntzak plazaratzeko. Hainbat ekoizlek uzta berria ekarri dute, eta frutak izan dira protagonista nagusiak.
Madaria izan da zalantzarik gabe eguneko izarra. Altzagako Arantxa Lopetegik lehen madariak jarri ditu salgai, tamaina ezberdineko aleekin eta horren araberako prezioekin: kiloa 2 eta 3 euro artean. Sagarrak ere ez dira falta izan, eta “San Inazio” motakoak izan dira oraingoan protagonista. Lopetegik Klaudia aranak ere ekarri ditu, eta fruta mota hori ere ikusgai izan da beste hainbat postutan.
Zeraindik etorritako Iñaki Intxaustik berezitasun bat aurkeztu du: kanpotik gorri ilun eta barrutik berde den aran mota bat, berak “fraide potro” esaten diona. Kiloaren prezioa, 4 euro.
Bestalde, Itsasoko Maria Jesus Oriak sagar berri bat ekarri du, gorria eta zapore leuna duena; ez du zehaztasunik eman barietateari buruz, baina “Fuji” motakoa izan zitekeela esan du. Kiloa 2 eta 3 euro artean.
Frutek lekua kendu diete beste berrikuntza batzuei ere. Babarrun freskoa, edo potxa zuria, ere iritsi dira azokara. Aramako Zurutuza ahizpek ekarri dute eta kiloa 12 euroan jarri dute.
Landareen artean, udazken-negu sasoian ohiko bihurtzen ari diren aleak izan dira ikusgai: azalore koloretsua, eskarolak (liso eta kixkur), txikoria (0,20 euro), atxi eta kale aza (0,30 euro) eta perrexila (0,12 euro).
Azkenik, perretxikoen eskaintza oparoa izan da: 75 kilo ziza hori (kiloa 19-22 euro), 100 kilo onddo (22-25 euro kiloa) eta 3 kilo gorringo, azken hauek albiste berria, kiloa 35 euroan.













