Santos Beloki euskararen zerbitzari nekaezina hil da
Segura irratiko esatari eta bertsolaritza hedatzaile nekaezina izan zen Beloki. Gaur egingo diote azken agurra.
Santos Beloki frantziskotarra, 2022 urtean.Laida Goiburu Santos Beloki hil da, 89 urterekin, euskararen eta euskal kulturaren alde lan nekaezina egin duena. Nafarroako Ezkurran jaioa (1936), Plazenea etxean, ogia lantzen zuen aitaren seme izan zen, eta gazte zelarik Arantzazura joan zen, frantziskotar bideari ekiteko.
Ibilbide luze eta anitza izan zuen, beti euskara ardatz hartuta. Hegoaldera baino lehen, Ipar Euskal Herrian zabaldu zuen bere ekarpena: 25 urtez Donapaleun bizi izan zen, eta 1980ko hamarkadan Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetariko bat izan zen. Orduko egitasmoaren xedea garbi laburbildu zuen urte batzuk geroago: «Guretzat, bertsolariak sortzea baino gehiago, zaleak sortzea zen». Eta egia da: bertsolaritza Seaskako ikastoletara eramateko bidea egin zuten Belokik eta bere bidelagunek.
Irakasle, gai-jartzaile, epaile, bertso-idazle… izan zen Beloki, eta aldi berean umila, diskretua, baina beti presente bertsolaritzaren oinarrietan.
Galtzen ari ziren hitzen bila, Segura irratian
1991n, Seguran bizitzen jarri zenetik aurrera, Belokiren ekarpena bertako komunitatearen parte bihurtu zen. Bere jarduerarik esanguratsuenetako bat Segura irratian egin zuen, hitz zaharrak eta herriz herriko euskal hizkera gordetzen. Astez aste, irratsaioan kolaboratzen zuen, ahazten ari ziren euskal hitzak bilduz eta haien esanahia partekatuz.
Ez zen filologo, ezta hizkuntzalari ofizial bat ere, baina herri hizkuntzaren zaindari bihurtu zen, memoria kolektiboa irrati bidez elikatuz. 2021eko urtarrilaren 21eko irratsaioan, adibidez, izotza izendatzeko Euskal Herrian erabiltzen diren hamaika hitz bildu zituen. Belokiren saioek baliabide xumeekin lortzen zuten handia: belaunaldi berriei iraganaren hitzak ematea.
Azken agurra
Seguran bizi ondoren, Zarauzko frantziskotarren komentura jo zuen, eta azken urteetan Bermeoko egoitzan bizi izan da. Han bertan egingo diote hileta elizkizuna, gaur, 17:30ean.













