Lazkaon etxegabetze bat gauzatu dela salatu du Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Abuztuaren 15ean desokupazio enpresa baten esku-hartzearekin gauzatu zela jakinarazi dute sare sozialetan zabaldutako oharrean. Langileen arazoei aurre egiteko antolakuntza aldarrikatu dute.
Etxegabetzearen berri emateko pankarta, Lazkaon.Goierriko Kontseilu Sozialista Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo arratsaldean sare sozialetan zabaldutako ohar batean jakinarazi zuen orain bi aste, abuztuaren 15ean, desokupazio enpresa baten esku-hartzearekin Lazkaon pertsona bat etxegabetu zutela. Enpresa horien jarduera irmoki salatzeaz gain, etxegabetutako pertsonari elkartasuna adierazi diete, eta azpimarratu dute “unibertsala” izan beharko lukeen etxebizitza eskubidea “negoziorako” erabiltzen den bitartean, “miseria eta ezintasun” iturri dela langileriarentzat.
Era berean, desokupazio enpresaren jarduna salatu dute, eta ondorengo funtzioak betetzen dituztela nabarmendu: “Jabetza burgesaren defentsa eta etxebizitzarekin negozioa egitea zilegitzea; langile sektore pobreen kriminalizazioa; arrazismoa eta espainolismoa sustatzea, bereziki sare sozialetan hedaturiko diskurtsoaren bitartez; eta estatuaren luzapen gisa jardutea, mehatxuan eta indarkerian oinarritutako metodoak erabilita”.
Sindikatuak azpimarratu du talde horiek guztiak inpunitatez jarduten duten langileen aurkako “eskuadrak” direla, eta horiei aurre egiteko antolakuntzaren beharrezkotasuna mahaigaineratu dute: “Langileon arazoak ez dira negozioarekin eta faxismoarekin amaituko, klase elkartasunarekin eta antolakuntzarekin baizik”.













