Zegamako paellarik onena Tartaloetxe elkartearena
Tartaloetxe elkarteko Anartz eta Haitz Goia aita-semeek jaso dute lehen saria, bigarrena Txarapeko Asun Mendizabalek eta Mari Paz Ormazabalek. Gaur bukatuko dira San Bartolome festak.
Zegamako paella lehiaketaren sarituak gaur eguerdian, eskolako patioan.Iñaki Gurrutxaga Bost elkarte eta bakoitzak bina paella egitea. Horixe da Zegamako San Bartolome elkarteko paella lehiaketaren funtsa. Amezti, Kasinoa, Tartaloetxe, Txarape eta Jubilatuen elkartea dira lehian aritu diren elkarteak. Aitxuri eskolako patioan jokatu da.
Goiz-eguerdia sukaldean aritu eta gero, 13:00etarako aurkeztu dituzte paellak. Epaile lanetan Aitzkorpe tabernako Ana Corduneanu eta Mordoxka tabernako Diego Ramos aritu dira. Ordu laurden baten bueltan egin dute dastaketa, eta puntuak batuta, Tartaloetxeko Anartz eta Haitz Goia aita-semeek jaso dute puntu gehien. Bigarren Txarapeko Asun Mendizabalek eta Mari Paz Ormazabal geratu dira.
Behin sariak banatu eta taldeko argazkiak aterata, dozenaka herritar inguratu dira eskola patiora paella dastatu eta bazkari legea egitera.
Beleari adio
Gaur gauean bukatuko dira Zegamako San Bartolome festak. Arratsaldean, 15:30ean, Karraztarro elkarteak antolatutako plater-tiraketa dute Ibarretako harrobian. 18:00etan, Buztintxuriko erraldoiak ibiliko dira kalez kale eta 19:00etan, haurrentzako Mikeltxi DJa ariko da. 22:30ean Adio Beleari prozesioa egin dute festei bukaera emateko.













