Animalia basatien aztarrenen bila
Zegamako Murgisarri basora irteera antolatu du Anduetza parketxeak larunbaterako. Aurrez izena eman behar da.
Naturan animalia basatiak ikustea ez da erraza izaten, baina horrek ez du esan nahi ez daudenik. Izan ere, zentzumenak erabiliz gero, ingurua haiek utzitako arrastoz beterik dagoela ohartuko baitaiteke.
Aztarnak bakarrik ez; animalia basatiek mota guztietako arrastoak uzten dituzte: gordelekuak, ileak, hezurrak… besteak beste. Aztarren horiek izango dira bilatu eta aurkitzeko proposamena egin du Zegamako Anduetza parketxeak, arrasto txikiena barne. Basoan tamaina guztietako animaliak bizi dira.
Murgisarriko basora
“Ibilbidean zehar, intsektu txikienetatik hasita ugaztun handienetara hainbat espezieren bitxikeriak eta arrastoak azalduko ditugu. Murgisarriko basotxora iritsitakoan zuhaitz artean ibiliko gara, astiro, isilik, zentzumenak erne, arrastoren bat aurkitu zain”.
Familian animalia basatiek basoan eta naturan uzten dituzten seinaleak ezagutzera ematea da irteeraren helburu nagusia; ondoren, familia bakoitzak bere herri inguruko natura-guneetan bilaketa hau praktikan jartzeko aukera izateko.
Larunbatean da jarduera, hilaren 30ean, 11:00etan. Helduentzako prezioa 6 euro da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. Ibilaldiak badu zailtasun pixka bat Murgisarriko desnibela dela eta; hortaz, 5 urtetik beherakoentzat ez da egokia.
Izena aurrez ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak baitira. Informazio gehiago eta izena emateko: 943 80 21 87-688 62 36 09, anduetza@gipuzkoanatura.eus edo www.gipuzkoanatura.eus.













